San Benito ikastola handitzeko lanak hasi dituzte, lekua irabazi beharrez
Lazkaoko ikastolako DBH eta Batxilergoko eraikinari eranskin bat egingo diote aldean. Irisgarri jarriko dute ikastetxea. ‘Espazio hezigarriaren’ kontzeptuan berrituko dute
Urtea hastearekin batera, Lazkaoko ikastolaren DBHko eta Batxilergoko ikastetxea handitzeko lanak hasi ditu San Benito Ikastolak. Urtarrilaren 3an ekin zieten lanei, eta dagoeneko begibistakoak dira obrak hegoaldeko jolastokian. Eraikin berria altxatuko dute han.
Aspaldiko bi premia nagusiri erantzuteko da berrikuntza. Toki falta konpontzeko, batetik. Gela beharrean da ikastola, azken urteetako ikasle-belaunaldi handiekin, maila bakoitzean hiruzpalau gela sortu behar izaten baititu. Bestetik, irisgarritasun aldetik dauzkan gabeziak aseko ditu eraikinak; 1984an egina da.
«Azterketa baten ondoren, bi arazoak nabarmen geratu ziren, eta horiei konponbidea emango dien proiektu bat garatzea erabaki da», dio Ikastolak atzo familiei banatu zien oharrak.
Kurtso berrirako prest
Iparragirre eraikuntza enpresa goierritarrari esleitu dio Ikastolak obra. Milioi eta erdi pasa euroko aurrekontua du, eta ikastolak ordainduko du osorik, maileguak eskatuta. Irailerako obrak bukatuta egotea espero dute.
Ikastolaren kiroldegi aldeko alderdian, hegoalderantz, bi solairuko gelategi-eraikin berria altxatuko dute. Gainean terraza izango du. Atzeko estalperantz ere haziko dute, areto batekin. Horrez gain, zuzendaritza eta idazkaritza egon diren eremua ere guztiz birmoldatuko dute.
Helburua, tokiaz eta irisgarritasunaz gain, «etorkizunerako espazio irekiagoak eta modu ezberdinean lan egiteko aukera emango digutenak sortzea» da, Xabier Maiza zuzendariak azaldu duenez. Espazio hezigarri kontzeptua izango du, areto zabalagoak, irekiak eta lanerako parteka daitezkeenak egokituta.