Beasain eta Ordizia Mugiment kirol txartela proiektura batu dira
Antzizar eta Majori kiroldegietako erabiltzaileek bi herrietako instalazioak erabili ahalko dituzte kostu gehigarririk gabe. Legazpi eta Zumarraga jada saretuta daude
Beasaingo eta Ordiziako udalak Eusko Jaurlaritzaren Mugiment kirol txartela proiektura gehitu dira. Hala, inolako kostu gehigarririk gabe, Antzizar kiroldegiko bazkideek Majori-Altamira kiroldegia erabili ahalko dute eta Ordiziakoek, Beasaingoa. Are gehiago, bi herrietako erabiltzaileak egitasmora batutako edozein udalerrietako instalazioak erabili ahalko dituzte. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 62 herri daude saretuta, tartean, Zumarraga eta Legazpi. 115 kirol instalazio dira denera. Besteak beste, gimnasioak, frontoiak eta igerilekuak daude.
Zerbitzua martxan dago jada. Ezin da nahi denean joan, ordea. Antzizargo eta Majoriko kasuetan bi udalek adostu dute aste barruan 07:00etatik 16:00etara eta asteburuan 16:00etatik itxi arte erabili ahalko dela txartel birtuala. Gainerako orduak bazkideentzat egongo dira erreserbatuta. Leire Artola Beasaingo alkatea eta Jon Ander Caballero Ordiziako kirol zinegotziak atzoko aurkezpenean azaldu zuten erabilera handieneko orduak herritarrentzako gorde dituztela instalazioek eskaintzen duten zerbitzuen kalitatea txartu ez dadin. Gainerako herrietako ordutegiak Mugiment aplikazioan kontsultatu daitezke.
Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera fisikoaren eta kirolaren zuzendaria ere aurkezpenean izan zen. Oriotarrak azaldu zuen geroz eta sedentarioagoa den gizarteari kirola egiteko «erraztasunak» ematea dela proiektuaren funtsa. Hiru arduradunek onartu zuten pandemiaren eraginez kiroldegietako erabiltzaileen kopurua txikitu egin dela azken hilabeteetan.
Saretuta ez dauden udalei parte hartzeko deia egin zien. Herritarrentzako «onuragarria» dela azpimarratu zuen, eskura jartzen den eskaintza zabalagoa delako; aldiz, ordutegiak zehazteko askatasunari esker, instalazioak ez direla masifikatzen zin egin zuen. «2017an hasi zen proiektua eta orduz geroztik hazi besterik ez da egin. Udalerri bakar bat ere ez da saretik atera», esanez indartu zuen deialdia.
Norbere herrian bazkide
Abonatuak merkeagoak diren kiroldegietara joan ez daitezen Mugiment txartel birtuala eskuratzeko herriko kiroldegian bazkidetuta egon beharko da.
Txartel birtuala
NORK ESKURATU DEZAKE?
Herriko kiroldegia sarera atxikita egon behar da eta bertako bazkide izan. Interneterako sarbidea duen sakelekoa ere eduki behar da.
NOLA ESKURATU?
1. Mugikorrean Mugiment kiroltxartela aplikazioa instalatu behar da.
2. Erabiltzailea sortu behar da. Horretarako, datu pertsonalak, NAN zenbakia, email helbidea eta abonatua den instalazioaren izena zehaztu behar dira.
3. Esandako erakundeak oniritzia ematean mugikorrean txartel birtuala ikusiko da.
4. Instalaziora sartzeko txartel birtuala eta NANa erakutsi behar dira.NON ERABILI DAITEKE?
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 62 herritako 115 kirol instalaziotan erabili daiteke. Goierrin, Beasainen, Legazpin, Ordizian eta Zumarragan.