Jose Luis Vega taldekidea gogoratuz, gutuna kaleratu du errondailak
Urtarrilaren 15ean hil zen sorreratik Alaitasuna errondailako kide izandakoa. Emandako "maitasuna, indarra eta bizia" goraipatu dituzte.
Urtarrilaren 15ean 73 urterekin hil zen Jose Luis Vega gogoratuz, hari zuzenenan idatzitako gutun bat kaleratu du Alaitasuna errondailak. Vega errondailako kidea zen musika taldearen sorreratik, hau da, 1963tik.
«Alaitasuna Errondaila honen sorreran lekuko eta partaide izan zinen. Lanez eta gogoz eman zenituen lehenengo pausoak, 1964ko urtarrilean lehen emanaldia egin zenuen arte», diote gutunean, taldearen sorrera gogoratuz. Handik 58 urtera, Vegak hasieran zuen «ilusio berdinarekin» ematen ziola «Errondailari bizia» nabarmendu dute.
«Gaur, zure urratsen jarraipena, gure eskuetan utzi duzu. Ziur gaude, aurrera egiteko zure babesa dugula eta bizia eta gogoa ere bidaltzen diguzula. Garai hauetan, dugun musika zaletasuna garatzeko denbora ateratzea, batzuetan, zaila da, baina, zu ispilu, ilusioz eta gogoz arituko gara», jarraitu dute.
Ondoren, taldekide berriei zuzendu zaie, 58 urteko ibilbideari errepasoa egiteko: «Lehenengo pausu horiek prekaritatez beterik egon ziren arren, ez zen ilusiorik falta. Garaiak alderatuz, gaur egungo baliabide elektronikoek ezagutza eskuetan jartzen digute, eta horrek erraztasun asko dakartza. Bidaliguzu beraz, entsegu eta emanaldi bakoitzean helarazten zenigun maitasun, ilusio, indar eta, nola ez, Alaitasuna Errondailari bizia emateko zenuen gaitasun hori».
Amaitzeko, ez dutela ahaztuko agindu diote: «Betirako gure bihotzetan izango zara. Agur Jose Luis. Adiorik ez!».