Lierni Armendariz eta Xabier Zabalo Euskal Herrira gerturatuko dituzte
Guztira zazpi euskal preso politiko gerturatuko dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetara.
Espainiako Espetxe Erakundeek eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak elkarlanean bertze zazpi euskal preso Euskal Herriratzea adostu dute, tartean, Lierni Armendariz eta Xabier Zabalo goierritarrak.
Lierni Armendariz beasaindarra Duesoko kartzelan zegoen orain arte. 30 urteko kartzela zigorra betetzen ari da, eta 2023an beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Xabier Zabalo zumarragarra, berriz, Logroñon egon da orain arte. 25 urteko zigorra du, eta 2024an beteko ditu hiru laurdenak.
Bi erakundeek zabaldutako oharrean, ez dute zehaztu preso bakoitza zein kartzeletara ekarriko duten, baina bai gerturatuko dituzten zazpi presoak Martutenera, Basaurira edo Zaballara eramango dituztela.
Gaur egun, 80 euskal preso politiko daude Euskal Herriko espetxeetan, eta 95 Espainiakoetan. Frantzian, berriz, 21 daude.