Oposizioak «jarrera aldaketa sakona» eskatu dio Mikel Serrano alkateari
EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarraga alderdietako bozeramaileek idatzi bat adostu dute. Alkatearen aldetik «etengabeko errespetu faltak» jasaten ari direla salatu dute
Zumarragako Udalean oposizioan dauden hiru alderdiek (EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak) Mikel Serrano alkatearen aldetik jasaten ari diren «etengabeko errespetu faltak» salatu dituzte.
Alkateak oposizioko zinegotziak «umiliatu» egiten dituela aipatu dute. «Alkateak bere botere posizioa baliatzen du zinegotzien lana gutxietsi eta hauek umiliatzeko. Zoritxarrez, praktika horiek ez dira berriak, urteetan errepikatu dira. Baina ezin dugu onartu eta salatzeko eta horiekin amaitzeko betebehar etikoa dugu».
Ines Benitez Elkarrekin Zumarragako bozeramaileak azkeneko osoko bilkuran «hitzezko lintxamendua» jasan zuela salatu dute. «Horren aurrean, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu, bai berari, bai bere alderdi politikoari zein berau ordezkatzen duten herritarrei. Zinegotzi bat publikoki umiliatu nahi izatea etikoki deitoragarria eta zekena da».
Alkatearen jarrerak bizikidetza ezinezko bihurtzen duela gehitu dute. «Herritarren ordezkari gisa egiten dugun lanarekiko eta egiten ditugun proposamenekiko errespetu faltak lankidetza eragozten du, udalaren irudia kaltetzen du, udalean egiten den lanari balioa eta ospea kentzen dizkio, udalaren antolaketa ahultzen du eta talde teknikoa desmotibatzen du», azaldu dute.
Alkatearen jarrera oso bestelakoa izan beharko litzatekeela uste dute. «Alkateak, udalaren ordezkari gorena den aldetik, osoko bilkuren eta batzordeen funtzionamendu egokiaren berme izan behar du. Baina kontrakoa sustatzen du. Lankidetza eta eguneroko jarduerak modu egokian egitea bultzatu ordez, alderdien eta zinegotzien arteko haserrea sustatzen du».
Hori guztia dela eta, alkateari hausnartzeko eskatu diote. «Erakundea eta milaka zumarragarren ordezkariak errespeta ditzala, jarrera alda dezala eta zerbitzu publikoaren alde ari diren pertsonak zaindu ditzala».
Ez dituztela deskalifikazio gehiago onartuko aurreratu dute. «Pertsonen eta ordezkaritza politikoen arteko errespetua eska dezakegun gutxienekoa da. Beraz, hemendik aurrera ez dugu inola ere gure lan politikoa gutxietsi eta deskalifikatzen duen jarrerarik onartuko».