«Taldearen arima galdu gabe, ate berriak irekitzeko lanean ari gara»
Hamar urteko ibilbidea du Starblues talde goierritar-tolosarrak. Bidean, bi disko eta makina bat kontzertu, baina ate berriak irekitzeko lanean jarraitzeko «ilusioz» daude.
Blues-rock doinuak oinarri, duela hamar urte sortutako taldea da Starblues. Goierritarra da taldearen alma materra, Jon Barreros (Beasain, 1978). Honek ipintzen ditu ahotsa eta gitarra. 2010 inguruan, Urko Ruiz de Apodaka ordiziarra eta biak, Ordiziako musika eskolan zebiltzan, jazz munduan murgilduta, eta orduan hasi ziren Starbluesen lehen notak idazten. Gero beste bi lagun batu zitzaizkien, biak tolosarrak: Yon Labaien (pianoa eta organoa) eta Fermin Etxeberria (bateria).
Hamar urte hauetan, bi disko, ondu dituzte Gu geu (Gaztelupeko hotsak, 2016) eta Hitz gatibuak (Gaztelupeko hotsak 2020), makina bat kontzertu eman, Urkok taldea utzi eta Mikel Atxegak hartu zion lekukoa, pandemia bat eta haren ondorioak bizi dituzte… Baina ate berriak irekitzeko ilusioz jarraitzen dute. Barrerosek berak kontatu du, zertan den Starblues taldea.
Duela hilabete bideoklip berri bat aurkeztu zenuten. Starblues taldean zerbait ari da mugitzen, ala?
Animoso gaude, nahiz eta egia den, azkeneko ia bi urteak ez direla onak izan. 2020ko otsailean aurkeztu genuen gure bigarren diskoa, Hitz gatibuak izenburupean. Diskoa aurkeztu eta erantzuna oso ona izan zen. Hainbeste ordu dedikatu genion lana erakusteko eta hortaz gozatzeko momentu bete-betean geunden. Hamar kontzertuko biratxo bat genuen lotuta. Oso-oso pozik geunden, eta bestalde, diskoa oso harrera ona izaten ari zen jendartean.
Baina osasun larrialdiagatik, bertan behera geratu zen aurreikusita genuena. Kontzertu batzuk eman genituen, zailtasun askorekin, baina une horretan genituen planak izorratu zitzaizkigun.
Kolpe handia izango zen… zuek nola hartu zenuten?
Momentu oso gozoak bizitzetik gentozen. Lehenengo diskoarekin, Gu geu izenburua zuena, momentu oso onak bizi genituen, eta gauza berriak egiten jarraitzeko indarra genuen, oholtza gainera igo eta bolumen altuak sortzen dizkigun emozioak, sentipenak… izaten jarraitu nahi genuen, hori delako proiektu honi zentzua ematen diona, hein handi batean.
Beraz, bigarren diskoarekin, bide horretan jarraituko genuelakoan geunden, hori zen behintzat gure nahia, baina guztia aldatzen da. Hala izanda ere, ez ginen besoak gurutzatuta geratu. Konfinamenduan geundenean, otsailean argitaratu berri genuen bigarren diskoko Zerua ukituz abestiaren bideoklipa egin genuen, bakoitzak bere etxean mugikorrarekin bere zatia grabatuta, eta sare sozialetan aurkeztu genuen. Ezin genuela isilik geratu pentsatu genuen.
Bigarren bideoklip honekin ere hori da helburua?
Bai! Momentu honetan, sare sozialetan presentziarik ez baduzu, badirudi ez zaudela, ez zarela existitzen. Beraz, bide berriak zabaltzeko lanean ari garen bitarte honetan, Otsoarekin solasa abestiaren bideoklipa aurkeztu genuen. Abestia grabatuta geneukan, kalitate onean, eta argi asko ikusi ez duen lan bat zenez, bideoklipera eramatea pentsatu genuen. Emaitza da, gure lokalean bertan grabatutako bideoklipa, lau-bost kamerekin eta autoediziokoa guztiz. Esan bezala, ez gaude geldirik!
Esan duzu, bide berrietan lanean ari zareten bitartean sortu dela bideoklipa. Hirugarren disko bat akaso?
Ez, ez, momentuz ez behintzat! Abesti berri batzuk baditut sortuta, bai, baina oraindik borobiltzeko lana dute aurretik. Beraz, aurrerago agian bai, baina momentuz, ezin daiteke esan hirugarren disko bat izango denik. Urrun ikusten dugu hori!
Baina bai ikusten dugu, nahiz eta gu garen abesti gogorrak eta bolumen altua gustuko dituen talde rockero bat, guretzako berriak diren formatoetan lan egiteko ahalmena izan badugula. Orain arteko abestiak hartu, birmoldatu…
Intentzioa da, taldearen arima galdu gabe, noski! baina uste dut, gure lana beste modu batean aurkezteko ahalmena ere badugula, eta joko handia eman dezakeela gainera. Eta horretan ari gara!
Beraz, orain arte sortutakoari astindu bat ematen ari zarete.
Bai, hala da! Ideia da zerbait akustikoagoa egitea. Abesti guztiekin ez da posible, baina ditugun hainbat abestirekin bai, beraz, errepertorio bat sortzen ari gara, oso zaindua, bi diskoetako abestiekin eta talde ezagunen abesti batzuen bertsioekin. Abestiak moldatzen ari gara, beste ukitu bat ematen, jendea eserita trago bat hartzen ari den bitartean lagunduko duen zerbait sortzen. Uste dut, oso ondo funtzionatu dezakeela.
Noiz ezagutu ahal izango dugu prestatzen ari zaretena?
Oraindik ez dago ezer zehatzik, baina udaberrian, apirila edo maiatza inguruan, zerbait egitea ari gara pentsatzen.