Udalari egin beharreko ordainketak Bizum eta NireOrdainketa Wallet bidez egin daitezke
Beasaingo Udalak bat egin du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatutako sistemarekin

Beasaingo Udalari egin beharreko ordainketak Bizum eta NireOrdainketa Wallet aplikazioen bidez egin daitezke. Tasak, isunak, ziurtagiriak, matrikulazioa eta bestelako ordainketak modu “seguru, erraz eta jasangarrian” egin daitezkeela abisatu du udalak. “Edozein pertsonak edozein lekutatik eta edozein unetan egin ahal izango ditu ordainketak, joan-etorririk egin gabe, inongo leihatilatan agertu gabe eta zerbitzua irekitzeko eta ixteko ordutegien mende egon gabe”.
NireOrdainketa Wallet aplikazioaren bidez ordaintzeko, lehenik, Bilketa prozedura Kodea identifikatu behar da; ondoren, ordainagiriaren datuak sartu behar dira: igortze entitatea, erreferentzia, identifikazioa eta zenbatekoa; datuak sartutakoan, fakturaren aurrebista argitaratuko da dena ongi dagoela egiaztatzeko. Hala bada, Aukera ezazu finantza-erakundea botoia sakatuz egin behar da aurrera; Ordainketa egiteko Finantza erakundeak aurkeztuko dira. Ordainketa egin nahi duzun finantza erakundean sakatu behar eta internetez ordainketa bat egiteko ohiko segurtasun tramiteak hasiko dira; behin amaitutakoan, ordainduta egongo da. Gainera, erabiltzaileak aukera du behin kreditu-txartel bat erregistratzerakoan aplikazioari gogoratzeko baimena emateko. Hala, etorkizunean ez du berriro datu guztiak sartu beharra izango.
Bizumarekin egiteko finantza erakundearen aplikazioan sartu behar da. Ordainagirien atalean, fakturaren barra kodeari argazkia atera, eta automatikoki formularioaren eremuak beteko dira. Jarraitu botoia sakatu eta ordaintzeko segurtasun tramiteak hasiko dira.
Herritarrengana “hurbiltzeko”
Ordainketa bideok Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatu zituen. Administrazio publikoak dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrengana “hurbiltzeko” balio izan duela. 2019an 133 milioi euroko transakzioak egin ziren modu honetara; 2020an, 200 milioitik gorakoak; eta 2021ean, beste horrenbeste. Egun, ia 200 erakunde publiko daude aplikaziotara atxikita eta 10 banketxe.