Alan Turing, azalera
‘Urtarrila, matematikaren bila’ ziklokoko euskarazko eta emakumeek eskainitako hitzaldi bakarra bihar izango da: ‘Zein ekarpen egin zion Alan Turingek Biologia matematikoari?’
Lemniskataren Urtarrila, matematikaren bila zikloak hitzaldi berezia izango du bihar, 19:00etan, Igartzako Jauregian. Jone Apraiz eta Idoia Marauri matematikariek animalien ilajeetan zein landareetan dauden patroien inguruan hitz egingo dute. «Alan Turing matematikariak orain 70 urte Morfogenesis artikulu iraultzailea argitaratu zuen. Faunan eta floran aurki daitezkeen patroiak modelizatzeko ideia berritzaileak aurkeztu zituen», azaldu du Apraizek.
Ez da gaiaren inguruan arituko diren lehen aldia izango, baina bai euskaraz arituko direna. Hitzaldia ziklorako euskaratu dute propio. Are gehiago, ziklo guztian euskaraz izango den hitzaldi bakarra izango da. Beraiek izango dira, gainera, emakumezko hizlari bakarrak. «Oraindik emakumeak lehen lerrora ekartzeko zer egina badagoela erakusten du», aipatu du matematekariak. Turingekin alderaketa egin du: bera gizonezkoa izan arren baztertua izan zen eta bere ideiak ez ziren aintzat hartu, homosexuala zelako. Egun, zientzialarien artean erreferenteetako bat da, arlo ezberdinetan egindako ikerketengatik.
Apraizek herritarrei Igartzara gerturatzeko deia egin die. Gai «oso interesgarria» dela zin egin du, eta «edonork» ulertzeko modukoa izango dela. «Dibulgatzaileon helburua ahalik eta jende gehiagorengana heltzea da helburua». Lehen zatian, biologia matematikoa zer den azalduko dute; jarraian, Alan Turingek egindako ekarpenak aurkeztuko dituzte; eta amaitzeko, hauei egindako kritikak landuko dituzte.
«Aste berezia»
Lemniskatarentzat aste hau «berezia» da, «ekitaldi ugari izango ditugulako». Hitzaldiaren aurretik, 18:00etan, Igartzako erakusketa aretoan, Matematika argazki lehiaketako sari banaketa egingo dute. Lanik onenak ikusgai jarriko dituzte, otsailaren 13ra arte. Gero, Ordiziara lekualdatuko dute, otsailaren amaierarara arte