Antzerki tailerrak antolatu dituzte Zaldibian, haur eta helduentzat
Kristina Roperok gidatuko ditu saioak. Bi talde osatuko dituzte, umeena eta larriena. Izena emateko azken eguna gaur da.
Zaldibiako Lardizabal herri eskolaren inguruan antzerki eskola jarriko dute martxan, hil honetan. Kristina Ropero izango dute erakusle, eta bi talde sortuko dituzte, haurrena eta helduena. Izena emateko epea gaur, otsailak 1, amaituko da.
Antzerki tailer eran garatuko dute aktoregintza. Ikasleen taldeak otsailetik apirilera bitartean hamabi saio egingo ditu. Batetik, LH6ko haurrek astelehenetan dute entsegua (19:00-20:00); bestetik, LH4koek eta LH5ekoek ostegunetan dauzkate antzerki eskolak. Azkenik, gazteenek (LH1, 2 eta 3 mailetakoak) maiatzean lau saio izango dituzte.
Helduek ere izango dute Zaldibian antzerkian hasteko aukera. Ostegunetan 19:00etatik 20:30era egingo dute haiek asteko entsegua. Umeen kasuan, eskolako tutoreari jakinarazita eman behar dute izena; helduek, Karreane kultur etxean edo telefonoz (620 15 37 16).
Kulturartekotasunetik
Antzerki tailerraren antolatzailea Lardizabal herri ikastetxeko Kulturartekotasun Batzordea da. Guraso Elkartearen, Zaldibiako Udalaren eta Etxekonekok integraziorako elkartearen laguntza eta babesa ere badute.