Aurreskularien harrobia Legazpin
Latxartegi aretoa aurresku txapelketen agertoki izan da, beste behin. Larunbatean 30 haur eta gaztetxo dantzatu ziren ligaxkako kanporaketan. Maiatzean finalera itzuliko dira batzuk.
Legazpiko IV. Gazteen Aurresku Txapelketaren kanporaketa jokatu zuten larunbat arratsaldean Latxartegi aretoan 30 neska-mutilek. Sustraiak dantza taldeak udalak antolatuta, bost jardunaldiko ligaxka baten lehenengo geltokia izan da Legazpi. Tartean, zazpi legazpiar dantzarik parte hartu dute: Amaia Azpeitiak, Araitz Berasategik, Jon Alberdik, June Osinaldek, Laia Arruabarrenak, Maria Sanchezek eta Naroa Sanchezek.
Adinka hiru mailtan banatuta antolatu dute txapelketa. A kategorian (2012-2013-2014) Hormatxulo eta Agurra dantzatu behar izan dituzte; B mailan (2009-2010-2011) Hondarribi handia eta zortziko bat; eta D mailan (2007-2008) Betronio handia eta Desafioa. Saileko aurreneko hirurak soinu zaharrak dira.
Bi orduko ikuskizuna eskaini zuten, Latxartegin. Dantzari bakoitzak bina dantza egin ditu.
Final bat Legazpin
Saioko onena D sailean Amaia Azpeitia legazpiarra izan zen, gero Maddi Davila zizurkildarra eta Aetz San Sebastian billabonarra. Irakaslearen saria Idoia Narbaizak jaso zuen. B sailean, irabazlea Andoaingo Jurgi Errandonea izan da, bigarren Lezoko Enara Artola eta hirugarrena Irati Larrañaga andoaindarra. Lehen legazpiarraren saria Jon Alberdik jaso zuen, eta irakaslearena Lierni Kamiok.
Amaieran A saileko Araitz Berasategi eta June Osinalde legazpiarrak aritu ziren. Bost haur soilik daude haurren atalean, eta horiek erakustaldia egingo dute.
Euskal Dantzarien Biltzarrean federatutako edozein dantzarik parte har dezake Aurresku Txapelketan. Bost saioko ligaxka izango da: zapatuan Legazpin aurrena, eta ondoren Villabonan (otsailak 13), Elgoibarren (martxoak 13), Oiartzunen (mar.27) eta Lezon (apirilak 9). Zozketaz, dantzari bakoitzak hiru saiotan dantzatuko du, eta bi puntuazio onenak batuko dizkiote. Gipuzkoar erako aurresku finala Errenterian jokatuko da, maiatzaren 15ean. B kategoriako aurreneko 12 dantzari eta A saileko 5 dantzariak ariko dira han, Sustraiak taldeko Jon Dorronsoro antolatzaileak azaldu duenez.
Bezperan, maiatzaren 14an, D saileko finala Legazpin bertan lehiatuko dute aurreneko 14 sailkatuek. Bien bitartean, harrobia lantzen jarraituko dute.