CAFek Israeldik beste eskari bat jaso du, Israelgo Tel Avivetik oraingoan
CAFek eta Saphir eraikuntza-taldeak osatutako kontsortzioak Tel Avivgo tranbiako linea morearen proiektua gauzatzeko ardura jaso du. 27 kilometroko linea diseinatu, eraiki, hornitu eta mantendu egin beharko dute.
Beasaingo konpainiaren arabera Israelgo garraio-proiektu handiena da. Akordioaren zenbatekoak potoloak dira: 1.015 milioi euroko bolumena izango du denera, eta horietatik 525 CAFi dagozkio. Bost moduluko 98 tranbia ekoitzi beharko ditu, gutxienez, beste 32 egiteko aukera zabalik utzi dutelako; seinaleztapena eta konponketa lanak ere CAFen ardura izango dira.
2027. urterako martxan egotea aurreikusi dute. Hiriko erdigunea eta ekialdea lotuko ditu, 45 geldialditan. «Tel Aviveko metropoliak biztanle guztien garraiorako tren-sare modernoenetakoa eta eraginkorrenetakoa izango du», zin egin du CAFek.
Israelgo lurretan, osorik
Linea morea osorik Israelgo lurretan eraikiko dute eta ez du lurralde okupaturik zeharkatuko. Izan ere, Tel Aviv NBEk 1948an Israeli emandako lurretan dago.
CAF-Saphir partzuergoak badu inguruan beste proiektu bat NBEren hainbat ebazpenen aurka doana: Jerusalemgo Israelgo gunea eta Zisjordaniako koloniak lotuko dituen tranbia eraikitzen ari dira. Lanak gelditzeko askotariko eskakizunei entzungor egin die.













