Lau hamarkadaren ondoren ziklo berriari ekin dio Idiazabalgo Herri Krosak
41 urtez antolakuntzan ibili den lantaldea omendu dute Idiazabalgo 41. Herri Krosean. Haien azken urtea izanik, herriko gazte talde batek hartu du lekukoa
Idiazabalgo 41. Herri Krosa jokatu da igandean. Iazkoa bertan behera geratu ondoren, gogotsu heldu diote aurtengo edizioari. Batetik, herri krosa lehenengoz antolatu zuen eta 41 urtez lanean ibili den antolakuntza taldea omendu dute lasterketa amaieran, eta bestetik, marka berriak ezarri dituzte irabazleek. Haurren lasterketarik izan ez bada ere, edizio gogoangarria izan da aurtengoa.
410 korrikalarik hartu dute parte. 10,2 kilometro egin dituzte parte hartzaileek, eta helmugaratu den lehenengoa Urko Herran gasteiztarra izan da, 30 minutu eta 53 segundoan, Idiazabalgo herri kroseko errekor berria ezarriz. Bigarren postua lortu du Unai Arroyo tolosarrak, eta hirugarren Elorrioko David Ruak. Lehen itzuliaren ondoren, Herran eta Arroyoren artekoa izan da lehia, baina lasterketa erditik aurrera Herranek erritmoa handitu eta Arroyo atzean uztea lortu du.
Emakumeen artean, Maria Ordoñez izan da irabazlea, eta bera izan da lasterketa buru helmugaratu arte. 37 minutu eta 23 segundoko marka berria ezarri du iruindarrak. 28 segundora iritsi da bigarren postua lortu duen Maite Arraiza lazkaotarra, 37 minutu eta 51 segundoko denboran. Diana Vecillas gasteiztarra izan da hirugarren, 38 minutu eta 31 segundurekin.
Lehen aldia bientzat
Bi irabazleek lehen aldiz hartu dute parte Idiazabalgo herri krosean. Lehen aldia izan da Ordoñezentzat zein Herranentzat. «Lasterketa gogorra, inoiz ez nuen parte hartu eta polita izan da. Errekorra ez nuen espero eta oso pozik nago alde horretatik», esan du Herranek. Ordoñezek, aldiz, lasterketako giroa nabarmendu du: «Asko gustatu zait. Jende asko dago ibilbide osoan eta jendearen babesa nabari duzu karrera osoan».
Osasun egoeragatik murrizketak egon diren arren, herritarrak lasterkariak animatzera atera dira kalera. 2020ko herri krosean 648 korrikalarik amaitu zuten lasterketa. Neurriak direla eta aurten korrikalari gutxiagok hartu dute parte, baina lasterketak azken hamarkadan lortutako mailari eutsi diote.
Erreleboa talde berriari
Sari banaketaren ondoren, antolakuntza lanak egin dituen taldeak omenaldia jaso du. 1981eko Sanblasetan antolatu zuten lehen aldiz Herri Krosa, eta 41. edizioan lekukoa eman diote aurrerantzean antolakuntzan ariko den herriko gazte taldeari, haiek egindako lanari jarraipena eman diezaioten. 2022ko herri krosa elkarrekin antolatu dute, heldu zein gazte.
SAILKAPENAK
GIZONEZKOAK
1. Urko Herran (Gasteiz) ……… 30:53
2. Unai Arroyo (Tolosa) ……….. 31:12
3. David Rua (Elorrio) …………. 32:29EMAKUMEZKOAK
1. Maria Ordoñez (Iruñea) ……. 37:23
2. Maite Arraiza (Lazkao) ……… 37:51
3. Diana Vecillas (Gasteiz) ……. 38:31GIZON BETERANOAK
1. Raul Gomez (Lasarte) ……….. 34:01
2. Angel Martinez (S.D. de la Calzada) . 34:49
3. Asier Aranburu(Urretxu) ….. 35:50EMAKUME BETERANOAK
1. Izaro Rubio (Ordizia) ……….. 39:19
2. Ana Cruz (Donostia) ………… 41:50
3. Itziar Ibarbia (Alkiza) ………. 42:47GIZONEZKO HERRITARRAK
1. Xabier Sanchez ………………… 35:37
2. Ander Serrano …………………. 35:42
3. Josu Urrestarazu ……………… 36:21EMAKUME HERRITARRAK
1. Izaskun Gomez ………………… 56:58
2. Nekane Iparragirre ………… 1:02:14KADETE MUTILAK
1. Jon Laespada (Gasteiz) ……… 11:42
2. Eneko Oliveira (Idiazabal) …. 11:51
3. Julen Azkarate (Aretxab.) …. 12:08KADETE NESKAK
1. Nahia Rubio (Iruñea) ………… 15:50
2. Elene Etxeberria (Ordizia) …. 17:23
3. Miren Iturzaeta (Azpeitia) …. 18:24