Tourra 3. aldiz izango da 2023an Goierrin, 1977an igaro baitzen lehenik
Frantziako Tourra lehendik bi aldiz zapalduta dago Goierri. Lehengo ostiraleko artikuluan aipatzen zen 2023ko uztailaren 2an etorriko dela bigarren aldiz eskualdera, baina ez da hala. Hirugarren bisita izango du.
Lehenbiziko aldiz, 1977ko uztailaren 4an, astelehena, zeharkatu zuen Tourrak eskualdea, Joxe Nazabalek Gasteizen etapa irabazi eta biharamunean (hilaren 3an izan zen garaipen hori, eta ez 2an, genioen bezala).
Gasteizen 09:45ean hasi zen 4. etapa (Gasteiz-Seignosse Le Penon, 256 km), eta Goierritik igaro zen goizean: Antzuolatik gora Deskarga igo (10:54), eta Zumarragatik behera Ormaiztegira eta Salbatorera jaitsi ziren. Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta igaro zituzten jarraian.
25 urte geroago igaro zen bigarrenez, 1992ko uztailaren 5 euritsuan (Donostia-Donostia).