Urolak ohorezko bazkide izendatu du Goierri-Urola Garaiko ESIa
Klubak erakunde sanitarioko profesionalak omendu ditu, bereziki azken bi urteotan egindako lanagatik. Urolaren kamiseta bat oparitu diete ESIko arduradunei
Urola Kirol Elkarteak ohorezko bazkide izendatu du Goierri-Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratua. Ekitaldia ospitaleko atarian izan da. Bertan, bi erakundeetako ordezkariek hartu dute parte. Izendapen honen bitartez, klubak erakunde sanitario horretako profesionalak omendu nahi ditu, bereziki azken bi urteotan egindako lanagatik.
Ekitaldia ostiralean izan zen. Urolaren izenean, Jotxin Iturbe lehendakariak eta Mikel Igartua lehendakariordeak hartu zuten parte. Eurekin batera, Pedro Urdapilleta Gipuzkoako Futbol Federazioko zuzendaritzako kidea egon da. Goierri-Urola Garaia ESIko zuzendaritzako kideak ere egon ziren, Laura Agirre zuzendari-gerentea buru. Urolako ordezkariek klubeko banderatxo bat eta kamiseta bat oparitu zieten ESIko ordezkariei. Kamisetaren aurrealdean Osakidetza eta Goierri-Urola Garaiko ESI irakurri daiteke.
Iturbek Indar Hori kanpainaren berri eman zuen. «Duela aste batzuk jarri genuen martxan, laguntzaile berriak lortzeko eta kluba herritarrei hurbiltzeko. Zuek gugandik gertu zaudete (Argixao futbol zelaia eta ospitalea oso gertu daude) eta gertu egotea nahi dugu. Bihotzez eman nahi dizkizuegu eskerrak osasunaren eta kirolaren alde egiten duzuen langatik. Baita pandemia garai honetan egiten ari zareten esfortzuagatik ere. Ohore bat da guretzat Indar Hori ohorezko bazkide izendatzea».
Agirrek eskerrak eman zizkion Urolari. «Harro eta pozik jaso dugu omenaldi hau. Urte zailak izaten ari dira gizarte guztiarentzat, baina bereziki osasun arloko langileentzat. Eskerrak eman nahi dizkiet ESIko langile guztiei egiten ari diren esfortzuagatik. Urolari ere eskerrak eman nahi dizkiot, egiten duten lanagatik eta omenaldiagatik».
Urolak 50 urte bete ditu aurten. Futbol jarduera ardatz duen Zumarragako eta Urretxuko kirol elkarteak urteurrena baliatu nahi du kluba herritarrengana hurbiltzeko eta, horretarako, Indar Hori kanpaina jarri du martxan. Ekimen horren helburuak babesle eta bazkide kopurua handitzea, partidak ikustera jende gehiago joatea eta herritarrek taldearen jarduera osagarrietan laguntzea dira.