Ezpeleta eta "Basozabal" nagusi Beasaingo aizkolari proban
Ezpeleta eta "Basozabal" bikotea sailkatu da Urrezko aizkolari txapelketako finalera. Beasaingo Dolarea parkean jokatu da bigarren finalaurrekoa eta, aizkolariekin batera, Olaizola, Osa zein Zumeta harri jasotzaileak ere aritu dira.
Aizkolariak Dolarea parkean. / A.Garmendia Urrezko binakako aizkolari txapelketako finalerako pasea zegoen jokoan Beasaingo Dolarea parkean. Egungo Euskal Herriko txapeldun Hodei Ezpeletak eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal”ek osatutako bikoteak eskuratu du garaipena. Jokatutako bost probetatik lautan azkarrenak izan dira eta guztira ia hiru minutuko aldea atera diete bigarren sailkatuei. Bigarren postua Juanjo Lopez Azpilikueta nafarrak eta David Naredo asturiarrak eskuratu dute. Hirugarrenak, berriz, Oier eta Xuban Kañamares anaiak izan dira.
Lehen proba erlojuaren aurkakoa izan da. Aizkolariak banaka aritu dira eta bikote irabazleko bi partaideak izan dira azkarrenak. Zutikako enborra mozten jardun dute hurrena, txanda librean. Soilik proba horretan beste bikote bat izan da azkarrena: Lopez Azpilikueta eta Naredo bikotea. Gainerako guztietan Ezpeleta eta “Basozabal” jaun eta jabe izan dira, abiaduran, zutik eta etzandako lanetan eta sei enbor moztu beharreko azken proban. Azkenean, lan guztiak osatu eta 33 enborrak mozteko, bikote garaileak 18 minutu eta 11 segundo behar izan dituzte. Lehia bigarren posturako egon da. Lopez de Azpilikueta eta Naredok 21 minututan osatu dituzte lanak, Kañamares anaiek baino 38 segundo azkarrago.
Aizkolarien proba ezberdinen artean, harri jasotzaileak ere aritu dira. Emakumezkoen txapelketako bi parte hartzaile aritu dira, Lierni Osa eta Naiara Zumeta, eta Hiru Hamarreko txapelketarako jardun du Xabat Olaizolak. Emakumezkoak 50 kilogramoko harriekin aritu dira eta Olaizola 100 kilogramokoekin. Hiruek hiru harri erabili dituzte (zilindro zaharra, kubikoa eta bola) eta bi minututan bakoitzari ahalik eta altxaldi gehien eman dizkiote. Osak guztira 51 altxaldi egin ditu, Zumetak 41 eta Olaizolak 59.
Aurten, Beasaingo aizkolari proba leku berrian ospatu dute. Berriki eraberritutako Dolarea parkean aritu dira aizkolariak eta harrijasotzaileak. tenperatura hotza gora behera, jende ugari bildu da parkeko inguruetan eta kirolariek ez dute animo faltarik izan.













