Arrastaka Demandara joango da asteburuan
San Millan eta San Lorenzo tontorrak igoko dituzte, mendizerrako bi gailurrik garaienak

Arrastaka Mendi Taldeak Demanda mendizerrara (Espainia) txangoa egingo du asteburuan. Larunbatean San Millanera igoko dira eta igandean, San Lorenzora. Mendizerrako bi gailurrik garaienak dira.
Joan nahi dutenek, astearte honetan Ehunmilak-Arrastaka taldeen egoitzan egingo den bilerara joan behar dute. 19:30ean elkartuko dira. Irteeran parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa izango da mendiko federatu txartela izatea. Elurragatik eta izotzagatik igoera teknikoa eta alpinoa izango da.
Larunbatean Santa Cruz del Valle Urbion herritik abiatuko dira. La Zarciako atseden gunetik San Millan tontorrera joko dute. 2.100 metrotik gorako gailurra da. Urbion ibaiaren iturburuaren inguruan ibiliko dira, gainera.
Igandean, berriz, San Lorenzo igoko dute. Inguruko mendirik garaiena da, 2.200 metrotik gora.