Aitortzaz eta eskertzaz hornitutako odol ateraldia egingo dute gaur Ataunen
Odol eskasia dagoela eta gaur ematera joateko eskatu du Ataungo elkarteak. Lehengoan, Ana Auzmendi eta Pili Arrondo emaile handiei eta Jose Luis Gorostizuri eskertza egin zieten
Aro berriari iazko udazkenean ekin zion Ataungo Odol Emaile Elkarteak, zuzendaritza taldea berrituta. Urteko lehenbiziko ateraldia gaur egingo dute, Joxemiel Barandiaran Herri Eskolan. 17:30etik 20:40ra.
Ataunen odola emateko ezohiko eguna den arren astelehenetan izan ohi dira normalean, herritar guztiak gonbidatu dituzte elkartekoek odola ematera joan daitezen. Bereziki azken hilabeteetan odol eskasia handia dagoela esan dute, eta deialdi berezia egin dute gaurko.
Aurrez hitzordua hartu behar da. Gaur goizean bertan telefonoz hots egin behar da elkartearen Gipuzkoako egoitzara (943 00 78 85).
Hiru erreferente omendu
Bestetik, lehengo asteazkenean, Ataungo Odol Emaile Elkarteak bertako delegazioan ikur diren hiru lagun omendu zituen, udaletxean egindako ekitaldi batean. Odol-emaile handien multzora iritsi diren bi ataundarri eskertza egin zieten, batetik. Pili Arrondo eta Ana Auzmendi ataundarrek 80tik gora odol-ateraldi egin dituzte, eta oroigarri eta lore sorta bana eman zieten.
Bestetik, Jose Luis Gorostizuk ere odol emaileen elkarteko kideen eskertza eta oparia jaso zituen, 37 urtetan elkartearen arduradun gisa egindako lanagatik. Iaz eman zioten erreleboa. Ekitaldian izan ziren Martin Aramendi alkatea eta Ataungo odol emaileen elkarteko zuzendaritza talde berriko bi lagun.