Beste bi greba egun erresidentzietan «berehalako irtenbideak» exijitzeko
Otsailaren 16rako eta martxoaren 24rako deitu dituzte grebak ELA eta LAB sindikatuek. Gipuzkoako Foru Aldundiak gatazkaren aurrean «entzungor» dagoela salatu dute
Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzatan beste bi greba egun deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek. Otsailaren 16rako eta martxoaren 24rako deitu dituzte greba egunak, beraz, Goierrin, Ordiziako, Beasaingo, Zumarragako eta Lazkao erresidentzietan lan uzteak egingo dituzte langileek. Egun horien aurretik ere egingo dituzte mobilizazioak. Ostiralean, hilak 11, elkarretaratzeak egingo dituzte adineko egoitzen atarietan. Mobilizazio hauekin egoera «iraultzeko» asmoa adierazi dute bi sindikatuek.
LAB eta ELA sindikatuen ustez «osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzatan». Lan karga «gehiegizkoa» dela eta egoiliarrei behar duten arreta emateko «denbora falta» salatu dituzte beste behin ere. Horri gehitu behar zaio, «langileen artean dagoen soldata arrakala», lan egutegian egiten diren «etengabeko aldaketak», ordu sindikalak hartzeko «oztopoak», lanpostuen «egonkortze eza», justifikaziorik «gabeko» kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun irizpideetan etengabeko aldaketak».
Gogoratu dute, iragan urriaren 28an egin zuten greba egunean, bilera eskaera egin ziotela Gipuzkoako Foru Aldundiari, adineko pertsonen egoitzetan bizitzen ari diren egoeraren inguruan hitz egiteko eta irtenbideak bilatzen hasteko. Azaroaren 12an, erantzunik jaso ez zutenez, beste greba egun bat egin zuten.
Ez da lehen aldia bi sindikatuek salatu dutela «zaintza negozio bihurtu» dutela; «gure aitona-amonen zainketa lanaz eta adineko pertsonen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatzen ari dira zerbitzu publiko hori kudeatzen ari diren enpresa pribatuek izugarrizko etekin ekonomikoak izateko». Beraz, «hau ez da lan gatazka soil bat».
Berehalako irtenbideak
Hori horrela, «zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra» mahai gainean jarri nahi dute, «kalitatezko zaintza sistema publiko komunitario baten bidean».
Bitartean, «Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak».
Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua dela uste dute LAB-ek eta ELAk. Horretarako, «aldundiarekin bilera» eskatzen dute.
Azkenik, iragarri dute, «egoeraren erantzule direnek irtenbideak bilatzeari uko egin edota entzungor egiten badute, pauso esanguratsuak emateko prest aurkitzen» direla.