Erauskingo eta Oriamendiko lanak hilabeteko atzerapenarekin hasi dira
Oriamendi kaleko bidegorria kendu eta espaloia, aparkalekuak eta errepidea zabalduko dituzte. Erauskin plaza «berrantolatu» egingo dute. Lanek bost hilabete iraungo dute
Erauskin plazako eta Oriamendi kaleko obrak atzo hasi ziren. Lanak urtarrilaren 10ean hasiko zirela zegoen iragarrita baina enpresak atzerapena eskatu zuen une hartan lanei ekiteko moduan ez zeudelako. Atzo, bai. Lehen ordutik jada langileak bertan ziren eremua hesitu eta lanei ekiteko.
Mariazkurrena eraikuntza enpresak gauzatuko ditu lanak, 572.609,02 euroren truke. BEZa, aparte. Bost hilabetekoa da egikari epea.
Erauskin plazan «berrantolatu» egingo dute. Alde batetik, edukiontziak Oriamendi eta San Inazio kaleetara lekualdatuko dituzte. Urbi-etxeko beheko aldean dauden saltokien eskakizuna da, ikusgarritasuna irabazteko. Sasieta mankomunitateak ere aldaketa begi onez ikusten du, zaborrak jasotzeko lanak erraztu egingo zaizkielako. Kamioiak Erauskinen sartu-irtena egin gabe jasoko du zaborra, zuzenago. Bestetik, aparkalekuak egokituko dituzte. Plaza eremu urdina bilakatuko da gainera, lanak amaitutakoan.
Oriamendiko 3 eta 30 zenbakien arteko aparkalekuak ere doitu egingo dituzte. Ezkerraldeko tokiak luzatu egingo dituzte eta zeiharkakoak, zabaldu. Ibilgailuen erraila ere zabalduko dute. Bidegorria kenduko dute, horretarako.
Oposizioa ez dago ados. PSE-EEren ustez atzerapausoa da. «Orain arte egindako bidea desegin nahi dute. Autoak herrigunetik kanporatu beharrean toki gehiago emango diegu, oinezkoek merezi duten espazioa okupatuta», azaldu zuen Eva Alvarez bozeramaileak proiektuaren nondik norakoak ezagututakoan. Mugikortasun jasangarriko printzipioen «urraketa argi eta garbia» dela gaineratu zuen. «Beasain berdeagoa eta jasangarriagoa lortzeko bidegorri seguruek berebiziko garrantzia dute»; EH Bilduk ere proiektuaren aurka egin zuen. Bidegorriaren aferaz gain obra «duela gutxi» egindakoa dela diote eta ez dagoela argudi teknikorik halako obra justifikatzeko.
Adur Ugartemendia Lurraldea saileko buruak erantzun zien bidegorriak ez duela jarraipenik eta zerbitzua Oriamendiko bizilagunei «bakarrik» ematen diela. Leire Artola alkateak gaineratu zuen lanen helburua ez dela bidegorria kentzea. «Kalea aurkitzen den egoerak eramaten gaitu obra egitera»
Oinarriak eta hoditeria
Artolak zehaztu zuen arazoa asfaltoaren azpian dagoela. Horregatik, egungo zoladura altxa egingo dute eta oinarriak, sendotu. Era berean, Ur Kontsortzioak, eremuko ur hornidura eta saneamendu hoditeriak eraberrituko ditu. Baita ere Oriamendiko 40 eta 47 zenbakien artean. Lur azpiko lanak amaitutakoan asfalto berriarekin estaliko dute.
Espaloietan hobekuntza «puntualak» egingo dituzte, «segurtasun maila hobetzeko eta hiri paisaia aberasteko».
Ugartemendiko lanak martxorako hasita egongo dira
Ugartemendiko bidegurutzeko lanak otsaila amaieran hasiko dira. Proiektua jada esleituta dago. Otegi Gaztañaga enpresak egingo du, 227.750 eurorengatik. Biribilgune zapalgarria egingo dute, trafikoa arintzeko asmoarekin. 9.000 ibilgailu igarotzen dira bertatik egunero. Aldundiak lanak urtarrilean hasi nahi zituen.