Tobera Musika Eskolak txalaparta ikastaroa jarriko du martxan
Hilaren 24an hasiko da eta maiatzaren 19ra arte iraungo du. 16 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta bi urratsetan banatu dute: hastapena eta sakontzea. Hilaren 20a izango da izena emateko azken eguna
Goierritarrek txalaparta ikasteko aukera izango dute segituan. Segurako, Mutiloako, Zeraingo eta Zegamako Tobera Musika eta Dantza Eskolak ikastaro bat antolatuko du, eta hilaren 24an jarriko du abian.Txalaparta ikastaroak bi zati izango ditu, eta bietan zein bakarrean eman dezakete izena parte hartu nahi dutenek, nahieran. Hastapeneko saioak izango dira lehenengo, eta sakontzea ondoren.
Hastapeneko 4 saio egingo dituzte, eta otsailaren 24an izango da aurrenekoa. Besteak martxoaren 3an, 10ean eta 17an egingo dituzte. Sakontze fasea jarraian izango da, Aste Santuetako oporrak amaitu eta gero, beste 4 saiorekin: apirilaren 28an eta maiatzaren 5ean, 12an eta 19an. Ikastaroaren zati bakoitzak 50 euroko prezioa izango du.
16 urtetik gorako herritarrei zuzendutako ikastaroa izango da. Musika ezagutzak izan ala ez, adin hortatik gorako edonork parte hartu dezake. Ordubeteko saioak egingo dituzte, iluntzeetan, 19:15 inguruan hasita. Eskolak Zegaman edo Seguran emango dituzte, ikasleen lehentasunaren arabera. Datak eta ordutegiak orientagarriak dira, ordea, eta izen-ematearen arabera zehaztu eta jakinaraziko dituzte.
Batukada, laster
Txalaparta ikastaroan izena eman nahi dutenek otsailaren 20a baino lehen egin behar dute, tobera@tobera.org helbidera izen-abizenak, telefono zenbakia eta egin nahi den zatia adierazita. Talde bat bera ere osatzeko izen-emate nahikorik ez badago, bertan behera geratuko da eta, aldiz, izen-emate asko izanez gero, talde bat baino gehiago osatuko dute.
Tobera Musika Eskolak zabaldu duenez, ez da aurten egingo duten ikastaro bakarra izango. «Laster», batukada ikastaroa ere jarriko dute martxan. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Toberaren helbide elektronikora idatz dezakete.