Zaldizurretan trafikoko zarata mugatzeko panelak jarriko ditu aldundiak
N-1 errepideak eta trenbideak eragindako zarata maila «oso handia» dela eta neurriak hartzeko «premia larria» dagoela aitortu du aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru metro pasako pantaila akustikoak jarriko ditu Zaldizurreta inguruan. N-1 errepideko sarrera-irteeraren alboko etxebizitzetatik Agauntza ibairaino, zehazki. Gasteizko noranzkoan bakarrik jarriko dituzte.
Aldundiak aitortu du inguruko zarata maila «oso handia» dela eta «premia larria» dagoela neurriren bat hartzeko. N-1 errepidea, Beasain parean, zaratari aurre egiteko ekintza planaren barruan dagoela gogoratu du. Halere, pantaila babesgarriena «luzera txikiko» proiektua dela nabarmendu du.
Pantailak urte amaierarako egongo dira prest. Lanak dirauten bitartean aldundiak lursail pribatuak okupatu beharko ditu. 70 bat jaberi eragingo die, eta hauek hilabeteko epea dute alegazioak eta iradokizunak aurkezteko.
Trenbidea, gertu
Zaldizurretan trenbidearen eta errepidearen arteko tartea beste inon baino estuagoa da. Horregatik, pantailek metalezko euskarri berezia izango dute, istripuren bat gertatuz gero pantailak edo autoak edo trenak beste aldera igaro ez daitezen. Pantailek, denera, 300 bat metroko luzera izango dute.