Zumarragako PSE-EEk «errespetu falta» leporatu dio oposizioari
EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Zumarragak joan den astean egindako agerraldiari erantzu dio udal gobernu taldeak; «oposizioak ere bere alea jarri behar» duela uste dute.
EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak errespetua eta jarrera aldaketa sakona eskatu zioten Mikel Serrano alkateari eta gobernu taldeak (PSE-EE) «ezinegona» azaldu du eskaera horren aurrean.
Gobernu taldearen esanetan gobernantza ona (gardentasuna, etika, parte hartzea, eraginkortasuna, jasangarritasun finantzarioa eta instituzioaren indartzea) ez dago soilik gobernu taldearen eskuetan. «Oposizioak ere bere alea jarri behar du».
Oposizioari «errespetu falta» leporatu diote. Bereziki, EH Bilduri. «Behin baino gehiagotan, teknikariekin kontrastatu gabe edo beraien eskura dituzten txosten teknikoak aztertu gabe, manipulazioa edota gardentasun falta leporatu digute. Baita udala hondamendi ekonomikora eraman izana ere. Horrekin, herritarrak beldurtu nahi dituzte. Eta oso ondo dakite bizi dugun pandemia egoera honetan edozein informaziok, nahiz eta kontrastatua ez egon, herritarren ezinegona pizten duela».
Utzikeria
Gobernu taldeak oposizioari utzikeria ere leporatu dio. «Oposizioak betebeharrak ditu: organo guztietan iritzia azaldu behar du eta botoa eman behar du. Baina askotan ez du iritzia ematen eta ez du aktiboki parte hartzen. Entzule gisa soilik parte hartzen du eta ondoren komunikabideetan gobernu taldeak egindakoa kritikatzen du. Eta ez solik komunikabideetan. Baita kanal informalagoetan ere. Eta kanal informal horietan denak balio du. Azkeneko kritika orain arteko errespetu falta handiena izan da. Beste behin alkatea publikoan erasotu dute. Gure ustez, eraso hori hauteskundeei begira egin dute. Eraso horrek ez du udal kudeaketarekin inongo zerikusirik».
Oposizioaren jarrerak ondorio kaltegarriak dituela gehitu dute. «Gaur arte isilik egon gara, gure lehentasuna ondo kudeatzea, herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea eta herria hobetuko duten egitasmoak aurrera ateratzea baita, baina nahikoa da esateko ordua iritsi da. Politikan ez du denak balio. Etengabe salaketa publikoak egiteak gure lanari ospea kentzen dio, alderdien eta zinegotzien arteko giroa gaiztotzen du, udala ahultzen du eta herritarrek udal ordezkariengan duten konfiantza gutxitzen du. Gobernu taldeak, alkatea buru, Zumarragaren eta zumarragarren alde lan egiten jarraituko du. Oso argi dugu horretara bideratu behar ditugula gure denbora eta esfortzua», amaitu dute.