Errotatxori eman nahi dioten erabilera definituko dute aurten
Azken urteetako proiekturik potenteena Errotatxo berritzea izan da. 2020 eta 2021 urteetan egin dituzten lanetan, passive house erara eraiki dute errota ondoko eraikina. «Ia bukatuta» dagoela azaldu du Iñaki Ugalde alkateak. Aurten bukatuko dituzte falta diren lanak, eta eraikinari eman nahi dioten «erabilera definituko» dute. Errota zaharberritu dute, eta «herriko ondarea gordeko den gune bat» jarri nahi dute errota dagoen zatian. «Errota bera mantentzeaz gain, nahi da meatzaritzari lotutako panel antzerako zerbait jartzea historiaren berri emanez». Errota gaineko solairuan, ehungintza tailerra kokatu dute dagoeneko, eta ikusgai jarriko dute lanak amaitu eta eraikina prest dagoenean. «2018an zaharberritu zen, Lierniko Telleria familiak udalari eman zion telarra eta hortatik atera zen ehungailua eta enkaniladora». 2022an, Errotatxo zertarako erabiliko duten zehaztuko dute. «Oraindik ez dakigu zertarako izango den».