Euskadiko atletismo txapelketan lau atleta goierritarrek jaso dute domina
Irenia Apaolazak eta Gari Garmendiak urrea lortu dute norbere modalitatean. Danel Perezek eta Nora Tobarrek, berriz, zilarra lortu dute gorako jauzian
Lau atleta goierritarrek dominak lortu dituzte asteburuan pista estalian maila absolutuko Euskadiko atletismo txapelketan, Donostiako belodromoan.
Ireia Apaolazak, lan bikaina egin zuen eta metal preziatuena, urrea, ekarri zuen etxera. 200 metroko lasterketan, 24:97 denbora eginda lortu zuen podiumaren maila gorena, Txindoki Atletismo Taldeko lasterkari zeraindarrak.
Gorako jauzian, Danel Perez ordiziarrak, zilarrezko domina lortu zuen. Txindoki taldeko Perezek bere marka pertsonala gainditzea ere lortu zuen Euskadiko txapelketan, eta 1,95 metrotan jarri zuen listoia. Modalitate berean, baina emakumeen artean, Atletico San Sebastian taldeko Nora Tobar ataundarra, 1,64 metroko jauziarekin, Euskadiko azpitxapeldun geratu zen.
Pisu jaurtiketan, Gari Garmendia idiazabaldarra izan zen Euskadiko txapelduna, 14,64 metroko jaurtiketa lortuta. Garmendial Real Sociedad taldean ari da lehian.