Garmendiak eta Iruretak Zaldibian antzeztuko dute 'Sexberdinak'
Gurpildun aulkia da antzerkiaren ardatza, sexuari buruzko aurreiritziak eta minak azaltzeko. Ikusleak ere halakoetan jarriko dira. Geuretik Sortuak sortako lehena da
Agertoki «gustukoenean» ariko da etzi Aitziber Garmendia aktore zaldibiarra, Ttanttaka Teatroa konpainiak estreinatu berri duen Sexberdinak lanarekin: Zaldibian. Telmo Irureta eta biak dira aktore. Nola eszenaratzean, hala publikoarekiko elkarrekintzan berezia den antzezlanaren emankizuna egingo dute.
Gurpildun aulkia da ikurra, eta elbarritasun fisikoaz eta sexuaz izan ohi den irudia haria. «Sexua beti izan da tabua, eta gurpildun aulkian dagoen baten sexua, zer esanik ez. Uste dugu ez dutela erakarmenik sentitzen», dio Aitziber Garmendiak.
Aurreiritziak agerian jartzea, eta horiek deseraikitzeko ahalegina da Sexberdinak, «umoretik eta minetik». «Jendearen aurreiritzi guztiak jartzen ditugu mahai gainean. Pentsaraziko dio ikusleari, momentu batean edo bestean. Denaren inguruan ditugu aurreiritziak, eta deseraikitzeko unean konturatzen gara zenbaterainoko dorreak ditugun buruan, alfer-alferrik».
Ikusleak ere aulkietan
Zaldibiako Herri Antzokian, ostiralean 18:30ean hasiko da antzerkia. Baina jada ez dago sarrerarik. Udalak herenegun jarri zituen salgai, eta hogei minutuan agortu ziren. Pandemiagatiko aforo murriztuaz gain, publikoa ere gurpildun aulkietan esertzeak 50-60 lagunera mugatu du ikusle kopurua.
Sexberdinak lanaren gidoia Iruretak berak eta Kepa Errastik idatzi dute, eta Mireia Gabilondo da zuzendaria. Irureta aktore zumaiarrak gutxitasun fisikoa du, eta ikusleak kontestu berean jartzeko ariketa egiten dute. «Antzerkian gure burua islatuta ikusiko dugu, dudarik gabe. Jendea hunkituta inguratu zaigu orain arteko saioetan, ‘zenbat komentario egiten ditudan oker’ esanez. Bakoitzaren jokabidea moldatzeko balio badu, asko lortuko dugu. Horrez gain, barre egingo dute, eta espero ez duten gauzen inguruan hausnartuko dute».
Udalbiltzaren sormen ildoa
Sexberdinak antzezlana Udalbiltzaren Geuretik sortuak programaren laguntzarekin ondu dute. Zaldibiako udalerriak ere parte hartu zuen, iaz, eta emanaldi horrekin hasiko da ekoitzitako lanen aurkezpen zikloa. Arrigorriagan egin zuten hiru asteko egonaldia Garmendiak-eta.
Ekitaldiak Zaldibian
‘GEURETIK SORTUAK’
· Etzi. ‘Sexberdinak’ antzerkia.
· Martxoak 25. ‘Eresia’ antzerkia (Oier Zuñiga).
· Martxoak 26. ‘Loosers’ (proiektutik apartekoa da).
· Martxoak 27. ‘Trapu zikinak’ antzerkia (Lore More taldea).
· Data zehaztu gabe. ‘Harri minak’ antzerkia (Bonbon Beltz konpainia), ‘Bidaide’ antzerkia (Metrokoadroka), ‘Hamazazpigarrenean aidanez’ ipuin bildumaren aurkezpena (Peru Calabaza, Zaldibian idatzia), eta film emanaldi bat.