Izagirre eta Berasategi bolari segurarrak binakako txapeldun
Binakako Txapelketako finala jokatu dute asteburuan Hernaniko Bentaberri auzoan. Segurako bikotea atera da txapeldun gizonezkoetan; emakumeetan, zeraindarrak ere gertu ibili dira.
Segurako Jokin Izagirrek eta Egoitz Berasategik jantzi dituzte, gizonezkoen mailan, Gipuzkoako 2022ko bolate denboraldiko lehenengo txapelak. Igandean, Binakako Txapelketako finala jokatu zuten Hernaniko Bentaberri auzoan aurrez hiru kanporaketako ligaxkatik sailkatutako hamar gizonezko bikotek eta lau emakumezko bikotek.
Finalaren lehen txanpan, lau bikotek jarraitu zuten aurrera, eta bigarren itzulian puntu bakarragatik nagusitu ziren Izagirre eta Berasategi (87 birla bien artean). Bigarren, Itoitz Alustiza eta Patxi Arrondo zeraindarrak izan dira (86), hirugarren Fermin Zuloaga-Mikel Arroio (73), eta laugarren Zeferino eta Imanol Agirre segurarrak (66).
Emakumeetan txapeldun Elena Aldaz eta Goretti Beloki zarauztarrak dira (64), Garbiñe Alustiza eta Aitziber Makazaga zeraindarrei doi irabazita (63).
Goierrikoan, Iñaki Maiz
Larunbatean, Gabirian, Goierriko Txapelketako lehen saioan, Iñaki Maiz gabiriarra izan zen onena (46), Joxe Maiz bigarren (45), eta Itoitz Alustiza (45) eta Patxi Ormazabal (44) hurrena. 36 bolarik parte hartu zuten.
Idiazabalen da bigarren jardunaldia, otsailaren 19an.