Maitasun forma adina kantu, atzeko lerrotik
Xabier Crehuet ordiziarrak eta Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak 'Popatik' proiektu poetiko-musikala abiatu dute Aingeru Mayorrekin batera. Lehen pieza argitaratu dute. Beste bederatzi dituzte prest.
Maitasunari bertsoak jarri dizkiote Xabier Crehuet eta Ekaitz Goikoetxea goierritarrek, Aingeru Mayorren laguntzarekin. Hirukoteak Popatik proiektu poetiko-musikala abiatu du eta Maitatzeari bilduma grabatzen hasiko dira datozen egunetan. «Ez da maitasun erromantikoan oinarritutako bilduma», ohartarazi du Crehutek. «Maitasunaren eta desamodioen inguruan kantatu denean, askotan, gizon-emakume bikote batera mugatu da. Guk maitasun mota askoz hitz egingo dugu: nork bere buruarekiko maitasuna, maitasun sexuala, kaleko eskale batek eskatzen duen maitasuna, maitasun ez itzulia…». Hamar abesti izango dira denera.
Lehendabizikoa argitaratu dute: Ipuinetan ez bezala. Aingeru Mayorren Transitos liburuko 25 testigantzetako bat du oinarrian: ama batek bere umeari esaten dio ze guapo zauden; alabak erantzuten dio –apo ez, ama, –apa. «Bi urterekin ez da gai guapo-guapa ahoskatzeko. Baina bera neska dela aldarrikatzeko, bai», azaldu du Goikoetxeak. «Aniztasunaren aldeko aldarria da», sakondu du. «Desberdintasunak beldurtu egiten gaitu, baina albora begiratzen badugu denok gara desberdinak. Eta bakoitza da dena. Hori maitatzen eta ikusten ikasi behar dugu».
Adingabe transexual baten istorioa duenez ardatz Naizen elkartearen urteurreneko ekitaldian abestu zuten lehen aldiz jendaurrean, urtarrileko azken asteburuan. Bikotea pozik gelditu zen publikoaren erantzunarekin. Baita ere gero izan duen erantzunarekin. Youtuben 5.000 entzunaldi izan ditu hamabost egunetan. Spotifyn ere entzungai dago.
Ipuinetan ez bezala pieza alaia da. Gainerako guztiak ez direla halakoak izango aurreratu dute. «Abesti bakoitza oso ezberdina izango da. Batek trap ukituak izango ditu, beste batek folk erritmoak, soula…», iragarri du ordiziarrak. «Hori nahi dugu», erantzun dio beasaindarrak. «Letra batzuk gordinagoak dira, besteak xamurragoak… Maitatzeko modu asko daude eta bakoitzak bere ertzak ditu».
Kolaborazioak ere izango dituzte, aniztasuna are gehiago nabarmentzeko. «Goi mailako» musikariak eta abeslariak izango dituztela bidelagun zehaztu dute. Izenik ez dute iragarri, baina. Goierritarren bat edo beste izango dutela alboan baieztatu dute, gutxienez.
Talde lana
Goikoetxeak Crehueten eta Mayorren arteko zubi lanak egin zituen. Idazleak oroitu du Mayorrekin Transitoz liburua aurkezten zebilela orain urtebete inguru. Saioak arintzeko zuzeneko musika txertatzea bururatu zitzaien. Aldi berean, Goikoetxeak Crehutekin kolaboratzeko gogoa zuen, bere estiloa gustuko zuelako. Zumarragan egin zuten topo lehen aldiz, gorputzaren eta biluztasunaren inguruko eskualdeko artisten topaketa batean. Crehuetek Goikoetxearen eta Mayorren proposamenari baiezkoa esan zion eta hala hasi ziren lanean.
Lehen hartu-emana atsegina izan zenez aurrera jarraitzea erabaki zuten. Popatik sortu zuten. «Denok nahi dugu lehen lerroan egon. Bestela, badirudi ez zarela inor, ez zaituztela entzuten. Guk aldarrikatu nahi dugu atzetik ere gauza onak egiteko aukera dagoela», azaldu du Crehutek. Goikoetxeak eta Mayorrek idatzi dituzte letrak eta Crehuetek bilakatu ditu abesti.
Sinkroniarekin harrituta daude. Goikoetxeak azaldu du berak bakarrik idazten duela, eta Crehuetek bere piezak sortzen ditu. Kontuak kontu, sortze prozesua «arin» joan dela diote, «erraz» idatzi eta «erraz» musikatu dutelako.
Proiektua ez da diskoarekin amaituko. Ikuskizunak begiz jota dituzte. Lehen hitzorduak adostuta dituzte, gainera: Tabakaleran izango dira apirilaren 29an. Plaza gehiago ere adosteko lanetan dabiltza.
Transzikloaren bosgarren edizioko agenda, antolatzen
Transzikloak jarraipena izango du Beasainen. Ekaitz Goikoetxea antolaketa lanetan dabil eta zehaztu du egitaraua zehazten dabiltzala. Zikloa udaberrian izango da, beti bezala, eta ekainaren 28ko ekitaldiekin borobilduko dute. LGTBI+ kolektiboaren eguna da.