Mutiloak 537.587 euroko aurrekontua onartu du
Besteak beste, espaloirik gabeko autobus geltokiko eremua berrantolatuko dute. Baserri bideetan eta bide berdean ere egingo dituzte aurten inbertsioak
Mutiloako Udalak 2022 urterako 537.587 euroko aurrekontua onartu du. Otsailaren 2an egindako batzarrean onartu zen. Tartean, kultur ekintzak antolatzeko, gaztelokalerako, bide berderako edota argiteria berritzeko partidak gorde ditu udalak. Iñaki Ugalde alkateak azaldu duenez, inbertsio batzuk «diru laguntzen menpe» daude oraindik, baina zenbait zeregin aurreikusi dituzte.
Azken urteetan bezala, baserri bideetan konpontze lanak egiteko partida bat gorde dute. Frontoi inguruan, berriz, herritarrek erabiltzeko gune bat jartzea aurreikusi dute: «Frontoi inguruan egur batzuk eta soka bat jarri dira. Ez dakigu oraindik zer, baina aurtengo aurrekontuarekin jendea eremu horretan ibiltzeko gunetxo bat jarri nahi da». Autobus geltokiaren inguruan ere lanak egitea aurreikusi dute. Espaloirik ez dagoenez, eremua berrantolatuko dute.
Mutiloa eta Ormaiztegi lotzen dituen trenbide zaharreko bide berderako ere zehaztu dituzte inbertsio batzuk, eta beste partida bat argiteria berritzeko gordeko dute. Iaz ere egin zituzten lan batzuk, eta LED argiteria dago jarrita herri eremu gehienean, baina «Zelaialde eta Lierni auzoa falta dira eta argiteriari buelta bat eman nahi» diote. Herriko gazteek erabiltzen duten gaztelokalerako eta Mutiloako festak antolatzeko partida bana ere gorde dute.
2021eko azken hilabeteetan Zoaz pake santuan antzezlana eta Amak ikuskizuna izan zituzten ikusgai herritarrek Mutiloan bertan. Aurten ere antzerako kultur ekintzak egin nahi dituzte, eta horretara bideratuko dute aurrekontuko beste zati bat.
Iaz harrapalekua
Mendi publikoari dagokionez, hainbat inbertsio egingo ditu aurten ere Mutiloako Udalak. Urtero egin ohi dituzte garbiketak, eta iaz «inbertsio garrantzitsua» egin zuten, harrapalekua jarrita. 2022ko aurrekontuan gordetako partidarekin ohiko txukuntze lanak egingo dituzte mendi publikoan.