Zortzi ekintzaile berri erakarri ditu Ordizia Zabalik programaren azkenak
Ordiziako Udalak 27.500 euro bideratu ditu programa honen zortzigarren deialdirako. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresen sektoreko negozio berritzaileak dira babesa jaso dutenak
Ordizia Zabalik programaren zortzigarren deialdiak, zortzi ekintzaile berri erakarri ditu. Programa honen bidez, ekintzaile berriei bultzada ematen zaie eta bide batez, Ordiziako kaleak bizirik mantentzen dira. Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordea «pozik» agertu da, ekimenaren zortzigarren deialdiak emandako fruituekin. Ordiziako Udalak, 27.500 euroko aurrekontua bideratu du programako azken deialdiarentzat, eta beste behin ere, helburua izan da, «merkataritza lokal hutsak berreskuratzea, pertsona ekintzaileen bidez, eta belaunaldien arteko erreleboari erantzun bat ematea ere».
Azkeneko deialdi honek, esan bezala zortzi proiektu berri lagundu ditu: Uriba gizonezkoen arropa denda; Kalaka logopeda zentroa; Maem masaje zentroa; Hotel Ordizia; Naparra harategia; Black&White edergintza; Miami taberna; eta, Satya Yoga zentroa.
Ekonomia suspertu
Modu honetan, PERCOk, Ordiziako Merkataritza Eraberritze Plan Bereziak, jasotzen duen jarduketa ildoetako bat betetzen da; «Ordiziako merkataritza eta ekonomia suspertzea, tokiko merkataritza eta ekonomia biziberritu egiten zituena, merkataritza lokalei erabilera berriak emanez».
Proiektu hori abian jartzearekin batera, Ordiziako merkataritza eta ekonomia «biziberritu» egin ziren, eta horri esker, «merkataritza lokalei erabilera berriak eman zitzaizkien». Urtez urte, programa abiaraztearen helburuak betetzen ari direla adierazi du alkateordeak.
42 ekintzaile berri
Azkeneko hau kontutan hartu gabe, hau da, Ordizia Zabalik programaren zazpigarren deialdira arte, guztira 52 ekintzailek ekin dituzte beren proiektuak. 52 horietatik, 42k aurrera jarraitzen dute, beraz, laguntza jaso duten ekintzaileen %80k segitu du.
Ordiziako Udaleko ordezkariak nabarmendu du gainera, «kontutan izan» behar dela, «tokiko merkataritzak jasan dituen inguruabarrak, pandemia eta bai online erosketek izan duten gorakada».
Eta hala eta guztiz ere, aipatzekoa dela «2020ko deialdian martxan jarri ziren hamar negozioak oraindik ere martxan daudela eta dagoeneko ia bi urte bete dituztela, proiektu berriek dituzten zailtasunei ere aurre eginez». Alvarezek berak borobildu duenez, «azken hauei laguntzeko helburuarekin sortu zen ordizia Zabalik».
Aurrerantzean ere, «Ordizia suspertzeko lanean jarraituko» dutela nabarmendu du Alvarezek.