Beasaingo Jasangarritasun energetikorako batzordea eratu da
Udaleko, alderdi politikoetako, enpresetako eta Eskola Agenda 2030eko ordezkariek osatu dute mahaia, beasaindarrez gain
Beasaingo Jasangarritasun energetikoaren batzordeak hasi du bere ibilbidea. Udalak “ingurugiroaren babesean eta jasangarritasunarekiko konpromisoan beste urrats bat” dela azpimarratu du. Komisioaren lehen bilerako aurreneko puntua izan zen mahaiaren osaketa. Agintariak, politikariak, enpresak eta herritarrak bilduko ditu mahaiak.
Batzordearen zioa da gizarte eragileek ere Beasaingo Udalaren jasangarritasun energetikoko politiken diseinuan eta erabakietan "benetan" parte hartzea. Aholku-emaileak izango dira funtsean, udalbatzak izango baitu azken hitza. Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintza da.
Bileran aurretik dituzten erronkak ere identifikatu zituzten. Bost puntu bereizi zituzten: Udal eraikinen, instalazioen eta parke mugikorraren inbentarioaren onarpena proposatzea; Udalean energiaren inguruan landuko diren gaien egoeraren azterketa sustatzea; Energiarekin zerikusia duten udal politikaren jardun-ildoak proposatzea; gaiarekin lotutako udalaren plan eta politiken jarraipena egin eta eragina aztertzea; legea betetzeko hartutako neurrien garapena gainbegiratzea eta bermatzea. Baita ere bertan ezarritako helburuak betetzen direla ikuskatzea; eta Udalaren jarduketa-plan energetikoaren egoerari eta garapenari buruzko informazioa ematea.
Mahaia hiru hilabetetik behin elkartuko da, gutxienez. Premia dagoenean alkateak ezohiko bilerak deitzeko eskumena du.
Herritarrei deia
Batzordearen parte ez diren beasaindarrek ere ekarpenak egin ditzaketela gogoratu du udalak. IGunean egin behar dira, aurrez aurre edo modu telematikoan. Talde politikoetako ordezkariak ere baliatu daitezke.