Etxebizitzen errenta ordaintzeko laguntzak I-gunean eska daitezke
18 eta 35 urte bitarteko gazteei eta mugikortasun urria duten herritarrei zuzendutako laguntzak dira .Udalak 25.000 euro jarriko ditu. Erregistro elektronikoan ere egin daitezke eskaerak
Beasainen bizi diren gazteek edo mugikortasun urriko pertsonek ohiko etxebizitzaren errenta ordaintzeko udalaren laguntza izango dute. Babesa eskatzeko agiriak jada aurkeztu daitezke Igunean edo udalaren erregistro elektronikoan.
Eskaera bakoitzak 250 euro edo kuotaren %50a jasoko du gehienez hilean, urtebeteko epean. Udalak 25.000 euro bideratuko ditu bertara, aurrekontuetan jasota dagoen bezala. Halere, kopurua gizentzeko aukera egon badago behar izanez gero, dagokion aurrekontu aldaketa onartuta. Udalaren laguntzak ez dira bateragarriak izaera berdina edo antzekoa duten baina beste administrazio publiko batek emandako diru laguntzekin.
Beasaingo Udalak dio neurri honekin gazteei emantzipatzen lagunduko zaiela, mugikortasun urriko pertsonek muga arkitektonikorik gabeko etxebizitzetan bizi direla bermatuko dela eta etxebizitza hutsei merkaturako sarbidea erraztuko zaiela. Emantzipatzeko zailtasunak egungo «arazo handienetako bat» dela aitortu dute.
Nor izan daiteke laguntzen onuraduna?
Bada, abenduaren 31n, 18 eta 35 urte bitartean dituzten gazteak edo Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Sailak egindako txostenean zazpitik hamabost puntura dutenak edo A,B,C letrak dituztenak. Bakarrik bizi badira ezingo dute 28.000 euroko diru sarrera gordinen langa gainditu; bi pertsonaz edo gehiagoz osatutako bizikidetza-unitatea bada, muga 39.000 eurotan jarri dute. Edozein kasutan etxean bizi den inor ezingo da etxebizitza baten titularra izan. Era berean, udal eta Foru Ogasunekin ezingo dute inolako zorrik eduki.
Eskariak aurkezteko azken eguna azaroaren 29a izango da.