Goierri garaiko udalerrien partaidetza duen Zubillaga hiltegiak urte «ona» izan du
Ekoizpen orokorra handitu du 2021ean zehar, eta bezero berriak jaso ditu .Behi eta ardi haziendak izan dira ugarienak. Haragi-zatitze zerbitzuak izan du gorakadarik nabarmenena
Ekoizpen orokorra handituta eta bezero berriak eginda amaitu du iazko urtea Zubillaga hiltegiak. Hala jaso du Oñatin egon eta Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko udalen partaidetza duen zerbitzuak kaleratutako txostenak: «2021a hazkunde urtea izan da Zubillagan».
Hiltegi eta zatitze zerbitzuak eskaintzen ditu Zubillagak, eta biak batuta 1.635.203 kg/kanal ekoiztu ditu urtean zehar, aurrekoan baino %13 gehiago. Ondorioz, fakturazioa %25 igo dela nabarmendu dute txostenean.
Guztira, 1.101 ustiategiri eskaini die zerbitzua, eta kopuru hori ere %20 hazi da. «Bereziki Bizkaiko eta Arabako bezeroen artean» izan da gorakada, Laudioko hiltegia itxi dutelako. Horrek «logistikoki erronka garrantzitsua» ekarri diela nabarmendu dute, «bezero esparru zabalago honi kalitatezko zerbitzua» ematearen ondoriozkoa.
Zubillaga elkarte publikoa osatzen duten 12 herrietako ustiategiei dagokienez, herri horietan jatorria duten 339.305 kg/kanal ekoiztu dituztela zehaztu dute, 228 ustiategitakoak hain zuzen.
Zatitze zerbitzua indartuta
Behi eta ardi haziendak izan dira ugarienak, eta zerbitzuen artean zatitzeak izan du hazkunde handiena, «398.458 kg/kanal prestatu dira, ekoizpen osoaren %25». Zatitze zerbitzuak %24ko igoera izan du, eta Arkume programan parte hartu izanak eragina izan duela nabarmendu dute.
Ekoizpen ekologikoari dagokionez, 2020ko datuak mantendu dira, 54.000 kg/kanaleko. Aldiz, Eusko Label zigilua duen haragiaren ekoizpena %27 igo da (603.271 kg/kanaleko, urteko ekoizpen totalaren %37).
Barruari begirako datuak ere jaso dituzte: 25 langileko taldea mantendu da, eta instalazioak berritu, «harrera, bulegoak eta aldagelak estreinatu ditugu».
Abeltzainen zerbitzura 1983an inauguratu zenetik
Aurtengo martxoan 39 urte beteko ditu Zubillaga hiltegiak. Martxan jarri zutenean, itxi egin zituzten udal hiltegi zaharrak. Oñatin kokatuta, inguruko herriei zerbitzua ematen hasi zen. Hiltegi modernoa eta funtzionala zen.
Handik bi hamarkadetara ixteko arriskuan egon zen, sektorean ezarritako araudi berri eta zorrotzen ondorioz. Baina 2008an funtzionamenduari buruzko hausnarketa bat eta bideragarritasun plan bat egin ondoren, elkarte publiko bihurtu zen. Zubillaga Hiltegia S.L izena hartu zuen, eta Debagoienako zortzi udalerriek, Aramaiok, Urretxuk, Zumarragak eta Legazpik osatuta geratu zen. Diru ekarpen bat egiten du urtero udalerri bakoitzak.