Goierrin hondakinen %77,2 bildu zen iaz gaika, bakoitzak 312 kilo sortuta
Lau hamarren hazi da gaikako bilketa 2020tik. Industrialdeetan %54 bakarrik bereizten da, nahiz tasa 7 puntu igo den, zabor gutxiago sortu da. Zabor sorkuntza ere gora doa: %1 hasi da.
Sasieta Mankomunitateak 2021eko hondakin bilketaren datuak argitaratu ditu. Goierriko 22 udalerrietan ia 22.000 tona jaso zituen iaz: 21.966.333 kilo. Eskualdeko urte hasierako biztanleria 70.250 zela kontuan hartuta, buruko 312,7 kilo hondakin sortu du goierritar bakoitzak. Aurreko bi urteetan baino gutxiago da hori (313,8 iaz).
Baina hondakin sorkuntza ez da herrietan bildutakoa bakarrik. Atal horrez gain, Urretxu, Beasain eta Ordiziako Garbiguneetan botatakoa, eta industrialdeetako bilketa bereizten ditu Sasietak. Dena batuta, %0,95 igo da Goierriko hondakin sorkuntza 2020tik 2021era. Iaz, herrietako 21.966 tonez gain, Garbiguneetan beste 5.197.966 kilo utzi zituzten goierritarrek, eta industrialdeetan 2.597.040 gehiago batu ziren. Guztira, 29.761.339 kiloko bolumena: 423,7 kilo Goierriko biztanle bakoitzeko.
Pandemia aurreko kopuruetara ez da iritsi, ordea. 2019an, guztira 30.218 tona bideratu zituen Sasietak, eta 2020an 29.482 tona izan ziren. Batez ere industrialdeetako bilketan nabaritu zen jaitsiera (513 tona gutxiago), COVID izurritearen hasierako itxialdi eta jarduera etenagatik.
Ez dirudi aktibitate ekonomikoa bere onera itzuli denik. Hondakin sorkuntza adierazletzat hartzen bada, behintzat, 2020tik 2021era ere industrialdeetan bildutako hondakin kopuruak behera jarraitu zuen (16,8 tona gutxiago). Garbiguneetako kopurua pandemia aurreko neurrira iritsi da. Herrietan jasotakoa antzera mantendu da azken hiru urteetan, bariazio oso txikiekin: iaz, 30 tona gehiago 2020an baino (0,14 puntuko igoera).
Gaikako bilketa 0,4 gora
Eskualdeko herrietan sortutako hondakinetatik, iaz %77,2 bereizita jaso zituen Sasietak. Aurreko urtetik 0,4 puntuko igoera da hori (%76,8 gaika 2020an), baina kontuan hartu behar da 2019tik (%76,9) hamarren bat beheratuta zegoela. Hala, Zubietako erraustegira 82.500 kilo gutxiago bidali dira Goierritik.
Hamar urtean gaika jasotako hondakinen portzentaia bikoiztea lortu du Goierrik. 2009an %28,8 jaso zen gaika, 2011n %30,3, eta 2013an %44,4. Jauzi handia egin zuen hurrengo urterako, 14 puntu hobetuta (%58,9 2014an), eta hiru urte geroago hobetu zuen beste koska bat eskualdeak, 2017ko %74,5eraino. Hazkundea egonkortu egin da harrezkero, eta lehen aldiz gaikako bilketan beherakadatxo bat sumatu zen 2019tik iazera.
Hala eta guztiz, herrietako bilketaren alboan, industrialdeetan gaika bereiztearen joera askoz txikiagoa dago, nahiz eta tasa hobetzen ari den: %54 bereizita iaz, 2020ko %47aren eta 2019ko %39,6aren ondoan.