Laser Goiken enpresan langileek grebara jo dute, zuzendaritzak mugimendurik ez duelako egin
Hauteskunde sindikalak antolatzeko testuinguruan kaleratutako lau langileak berriz hartzeko eskatu dute, enpresaren atarian jarrita. Datorren asterako beste bi greba-egun izendatu dituzte.
Olaberriko Laser Goiken enpresako langileek gaur izan dute kaleratutako lau lankideak berriz hartzeko eskatzeko lehenengo greba eguna. Lehengo astean manifestazioa eginda jakinarazi zuten egoera, eta hauteskunde sindikalak egin nahi izateagatik kanporatu dituztela salatu zuten. Enpresari egindako eskakizunek inongo erantzunik izan ez dutenez –kaleratuak hartzea eta eskubide sindikalak errespetatzea–, lanuztea egin dute.
Enpresaren atarian egon dira langileak, 08:00etatik 15:00etara. Azken bi orduetan, lankide gehiago batu dira protestara, eta txistu artean hartu dituzte lantegira sartu diren langileak –batzuek lanean jarraitu dute, eta enpresak ez du jarduera erabat eten–. LABek esan du greba deialdiak “jarraipen zabala” izan duela, eta enpresak kaleratuak hartzeko pausorik eman ez izana deitoratu du.
Datorren asterako beste bi greba-egun izendatu dituzte: asteartea eta osteguna. Hauteskunde sindikalak egin ahal izatea oinarrizko eskubidea dela berretsi dute langileek. “Enpresek ezin dute inolaz mugarik jarri”, ohartarazi du LABek. Hauteskunde prozesua “martxan” dagoela argitu dute.