Lehen udaberriko zizak ekarri dituzte
Mikologi ataleko preziatuena da udaberriko ziza; agertu orduko saldu dira lehenengo aleak. Udaberriko tipulinak ere estimazio handia du.
Aitzakiarik gabeko eguraldia, argi eta bost gradutik gora goizean goizetik. Halere, adi ibili behar da oraindik, otsailaren erditsuan gaude eta ez da landatze lanetan hasteko lainezarik behar, udaberria gerturatzen ari deneko seinaleak geroz eta nabarmenagoak baldin badira ere. «Zozoak kantari hasi dira indarrean goizean goiz eta arratsaldetan ere bai, baita torratxoriak ere», Kontxi Aiestarainek bizipoza ematen diola adieraziz aipatu digu.
Joan zen asteaz geroztik udaberriko tipulinak salgai dira, hiruko sorta euroan. Horiek ere goizean goiz joan ezean ezin erosi, aire batean saltzen baititu Edurne Jauregik.
Atzo ilusioa handia sortzen duen produktu bat ere bai: Udaberriko zizak –Calocybe gambosa–. Hauxe da espezie mikologikoetan preziatuena, izan ohi duen prezioari erreparatuz batez ere. Lehen hauek 160 €/k. saldu izan dira azken urteetan eta baita atzo ere. Eta goizean goiz gainera, Patxi Arizmendik ekarri zituen lehenak: «Lehengusuak bildutakoak dira, hemen inguruan bai, ez dira urrutikoak», 350 gramo eta goizeko zortzietarako salduta zeuzkan.
Ugaritu ahala eta kanpotik ekartzen hasi heinean merketzen joan ohi da.
Loreen aukera
Lore aukera ugaltzen hasi da. Atzo krabelina (5,5 euro) eta alelia (5,5 euro), laster hasiko dira geranioa, huntza eta abar ekartzen baina oraindik ere goiz da hotzarekin hondatu egiten direlako.
Amezketako gaztanbera
Arizmendi gazten postuan Itziar Etxeberriak du. Egin eta laster freskoan jatekoa da 2,5 €/ontzia salgai. Izen asko ditu gazta mami honek zemerena, zenbera, zenborena eta erderatik hartu eta egokitutako rekesoia esatea ere ez da hain harritzekoa. Ardi gazta berri gutxi batzuk ekartzen hasi dira gazta saltze postuetakoak. Ugaritu ahala emango dugu horien berri.