Txindoki krosa bueltan da, bi urte eta gero
Gipuzkoako Kros Txapelketarako puntuagarria izango da. Federatuen eta eskolartekoen artean, 300 inguru lasterkari izango dira Oianguren parkeko zirkuituan.
Hatzak gurutzatuta, zerura begira eta eguraldiaren iragarpenean arreta jarrita daude Txindoki Atletismo Taldeko kideak, iganderako, hilak 13, Txindoki Krosa antolatu baitute. Bi urte pasatxo igaro dira, Oiangun azkenekoz krosa jokatu zenetik. 2019 urteko azaroaren 29an izan zen hori, osasun larrialdiaren aurretik. Egun horrek oroitzapen polita utzi zuen antolakuntzako kideengan. Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria zen proba jokatu zen eta eguraldi bikaina izan zuten, eta korrika egiteko baldintza oso onak izan ziren.
Urte berean, baina otsailean, Euskadiko Kros txapelketarako puntuagarria zen proba ere jokatu zen Oiangun. Egun horretan bai, etxean geratzeko moduko baldintzak zeuden. Aurreko egunetako euriagatik, lokazti ederrean egin zen lasterketa.
Hainbeste denboraren ondoren, Goierriko proba enblematikoenetako bat den honen itzulerarako, aipatutako azkeneko horretan baino baldintza klimatiko hobexeagoak espero ditu antolakuntza taldeak. Momentuz, ostiral goizean euria egingo duela iragarri dute, baina eguna iritsi arte itxaron beharko da zer gertatzen den eta Oianguko pista zein egoeratan dagoen ikusteko. Momentuz esan daiteke, zirkuitua beste urte batzuetako berbera izango dela.
Horrez gain nabarmendu, Gipuzkoako Kros Txapelketarako puntuagarria izango dela proba, beraz, kros zirkuituaren lehian dauden atleta onentsuenak Ordizian izatea espero da. Txindoki Atletismo Taldeak aurreratu duenez, 300 bat partaide izango dira igandeko lasterketan, federatuen eta eskolartekoen artean. Guztira, bederatzi kategoria izango dira.
Goiztiarrenak, Master eta 16 urtez azpikoak izango dira. 09:30ean abiatuko dira, Txiringitoaren ondoko zelaitik. Emakumezkoen proba nagusia 10:40an jokatuko da, eta gizonezkoena 11:10ean. Lehiatzen azkenak, gaztetxoenak izango dira. 12:50ean abiatuko dira benjamin mailako neskak eta 13:00etan maila bereko mutilak. Azkeneko taldeak lasterketa amaitu, eta segidan banatuko dituzte sariak.