24 herritar ezagunek anbulatorioa 24 orduz irekitzeko eskatu dute
Plataformak sinadura bilketarekin, kontzentrazioekin eta manifestazioekin jarraituko du. Zumarragako anbulatorioa egunero eta eguneko 24 ordutan irekita izan nahi dute
Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako 24 herritar ezagunek 24/7 plataformako aldarrikapenarekin bat egin dute: pandemia aurretik bezala, Zumarragako anbulatorioa egunero eguneko 24 orduetan irekitzea.
Horra hor aldarrikapenarekin bat egin duten 24 lagunen zerrenda: Lurdes Canduela Zumarragako zinegotzi ohia, Ramon Arbizu Urretxuko alkate ohia, Juanito Arbizu Urretxuko alkate ohia, Mila Osinalde musikaria, Gorka Hermosa musikaria, Arantza Aztiria Urretxu-Zumarraga ikastolako irakasle ohia, Koro Badiola Joxe Mari Iparragirre institutuko irakasle ohia, Inma Albisua Gainzuriko irakasle ohia, Iñaki Etxezarreta Urretxu-Zumarraga ikastolako zuzendari ohia, Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendaria, Ainhoa Sanz atleta, Joseba Apaolaza aktorea, Paco Parra sindikalista, Raimundo Morazo sindikalista, Jone Urain zeramikaria, Amelia Jauregi artzaina, Luis Mari Segurola Zumarragako parroko ohia, Faustino Ruiz pentsioduna, Asier de la Iglesia saskibaloi jokalaria, Dani Garcia Athleticeko jokalaria, Jose Manuel Paternain arte martzialetako kirolaria, Iñaki Murua bertsolaria, Diego Cuartero ostalaria eta Joseba Urdangarin merkataria.
Ekintzak
24 herritar ezagunen babesa asteazkenean eman zen ezagutzera, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldia Belen Baztarrika eta Jose Antonio Segade plataformako kideek aurkeztu zuten. 50 bat herritarrek parte hartu zuten. Baztarrikak eta Segadek duela ia bi urte anbulatorioko larrialdien zerbitzua itxi zela eta 2020ko urrian plataforma sortu zela gogoratu zuten. Plataformak hainbat ekintza antolatu ditu: ia 8.000 sinadura jaso ditu anbulatorioa eguneko 24 orduetan irekitzearen alde, sinadurak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu, Osasun sailburuarekin biltzen ahalegindu da, kontzentrazioak eta manifestazioak antolatu ditu… Lanean jarraituko dutela agindu dute. «Kalitatezko osasun zerbitzua izateko eskubidea ezin zaigu kendu».
24 herritar ezagunen elkartasuna jaso dute eta sektore ezberdinetako herritarren babesa bilatuko dutela aurreratu zuten. Sinadura bilketarekin jarraituko dute eta bizilagunei senitartekoen eta lagunen sinadurak biltzeko eskatu diete. «Eguneko 24 orduetan zerbitzua genuen eta hori berreskuratu nahi dugu».
Orain arte bezala, hilero bi kontzentrazio egingo dituzte eta hileko azken larunbatean manifestazioa egingo dute: 12:00etan, Areizaga-Kalebarren plazan.
Bukatzeko, bi sinatzailek testu bat irakurri zuten. Amelia Jauregik eta Jose Manuel Paternainek, hain zuzen ere. Sinatzaileak ordezkatzea «ohorea» dela esan zuten. «Gure osasuna zaintzen duten zerbitzuak ezinbestekoak direla uste dugu eta horien gainean ez da inongo aldaketarik egin behar. Jakin badakigu pandemiak osasunaren funtzionamendu osoa nahastu duela, baina horregatik, inoiz baino gehiago, lehen mailako arreta zerbitzuak indartu behar dira. Gure osasun zentroko larrialdi zerbitzua bezala». Hori dela eta, bizilagunei plataformak antolatuko dituen ekimen guztiak babesteko eskatu zieten.