COVID-19aren aurkako neurriak bertan behera geldituko dira astelehenetik aurrera
Eusko Jaurlaritzak bukatutzat eman du osasun larrialdi egoera, eta astelehenetik aurrera, bertan behera geldituko dira COVID-19ari aurre egiteko neurri guztiak. Hala ere, zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko deia egin du Lehendakariak.
Pandemiaren egoera hobetzen ari dela ikusita, Eusko Jaurlaritzak bertan behera utziko ditu COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurri guztiak. Hala jakinarazi dute gaur, Labi aholku batzordeak hartutako erabakiaren ondoren. Osasun larrialdi egoera bukatutzat eman dute, eta Labi batzordea bera ere desegitea erabaki dute. Bihar argitaratuko dute dekretua aldizkari ofizialean, eta astelehenetik aurrera egongo da indarrean. Hortik aurrera, Madrilgo gobernuaren esku dauden arauak bakarrik mantenduko dira: maskararen derrigortasuna barrualdeetan eta kirol estadioetako edukiera mugak.
Taberna eta jatetxeei eragingo die, batez ere, aldaketak. Astelehenetik aurrera ez dira goizaldeko 01:00ean ixtera behartuta egongo, ez da gehiegizko talderik izango, eta barran ere kontsumitu ahal izango da. Baita kultur ikuskizunentzat ere, horietan ere edukiera mugak desagertuko direlako. Labik hartutako erabakiez harago, beste neurri bat ere arinduko dutela iragarri du Eusko Jaurlaritzak: aurrerantzean haurrek ez dute maskararik jantzi beharko patioan daudenean. Horrez gain, eskolaz kanpoko ekintzetan zenbait burbuilatako ikasleak elkartuko dira.
Datuek hobera
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustez, «une honetan, erabaki hauek hartzeko baldintzak betetzen dira». Kutsatzeen datuak hobera egiten ari direla, eta omikron aldaera aurrekoak baino onberagoa dela azaldu du. Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 1956 kasura jaitsi dela azaldu du, eta kutsatu bakoitzak beste zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten duen ROa indizea 2020an konfinamendua altxatu zenetik txikiena dela. «Ahal den neurrian, pertsonei eta gizarteari bizitza pertsonalean, familiarrean eta sozialean mugak arindu nahi dizkiegu, baita jarduera sozioekonomikoaren garapena erraztu ere».
Txertaketak izan duen eragina ere aipatu du Urkulluk. Txerta daitezkeen herritar guztien %93k dagoeneko txertoa jaso duela azaldu du. Datu horiek kontuan hartuta, «aparteko baliabideen beharrik» ez dagoela uste du, eta «fase berri honetan, pandemiaren kudeaketa ezohiko baliabideetara jo beharrik gabe» garatu daitekeela.
Oraindik ere, zuhurtzia
Halere, «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu die Urkulluk herritarrei, eta prebentzio neurriak betetzen jarraitzeko deia egin du: distantzia errespetatu, maskara erabili, leku itxiak aireztatu eta jende pilaketak ekidin, alegia. Izan ere, esan du pandemia ez dela amaitu: «Pandemian jarraitzen dugu, eta hildakoak eta gaixotasun larriak eragiten ditu». Bere ustez ezin da ziurtatu oraingo olatua azkena izango den edo ez, eta atzera egiteko aukera ere mahai gainean jarri du: «Ezin dugu ziurtatu etorkizunean berriro osasun larrialdia edo neurri murriztaileak ezartzea beharrezkoa izango ez denik. Zientziak ez du gaitasunik hemendik urte amaierara birusaren bilakaera zein izango den behar bezain ziur aurreratzeko». Aldi berean, ordea, «susperraldia» ere izan du ahotan, eta «oreka emozionala, ekonomikoa eta soziala nahiz osasunarena» mantendu behar dela: «Prest gaude susperraldirako, prest osasuna berreskuratzeko eta gizartearen neke pandemikoa gainditzeko».