Grebara jo dute Laser Goikeneko langileek, enpresa ez delako mugitu
Kaleratutako lau langileak hartzeko eskatu, eta beste bi egun jarri dituzte. Sindikatuei atea ixteko, kaleratzeak enpresaren presio-bidea eta eskarmenturako maniobra direla salatu dute

Olaberriko Herribaso industrialdean dagoen Laser Goiken enpresako langileek greba egin zuten, atzo. Lehengo astean manifestazioan salatu zuten lau lankide kaleratu dituztela, hauteskunde sindikalei atxikimendua emateagatik. Enpresak atzera egin ez duenez, iragarritako greba-egunetatik lehena burutu dute. Datorren asteartea eta osteguna ere grebarako dituzte.
Langile talde bat lantokiaren atarian egon zen atzo 08:00etatik 15:00ak arte. Azkeneko bi orduetan, lankide gehiagoren babesa jaso zuten, eta txistuz hartu zituzten lanera sartu zirenak langile batzuek lanean jarraitu zuten.
Protestan zeudenek azaldu dutenez, enpresak ez du nahi sindikaturik sartzerik, eta langileek eurek abiarazitako prozesua zapuztea da kaleratzeen arrazoia, Laser Ken taldeko beste faktoriak Usurbilen egin zuen bezala; lortu gabe han. 70 langile ditu Laser Goikenek, eta hauteskunde sindikalak egitearen aldeko agiria izenpetu zuten kaleratutako lau langileek. Lehenengo botatako hiruk 4-6 urte bitarte daramate enpresan, eta laugarrenak 20 urte.
Ohartarazpena
Langileen asanbladak atera duen oharrean, kaleratzeak hauteskunde nahiarekin lotu dituzte, eta ez dituzte justutzat eta argudiatutzat eman, «gauetik goizera» kaleratu dituztela salatuz.
Enpresak «produktibitatea jaitsi» izana leporatu die kanporatuei kaleratze aitzakiatzat. Lankideen iritziz, beteranoenetako bat kaleratuta, gainontzekoen eskarmentu izateko balio intentzioa ikusi du atzean.
Momentuz, eta langile guztiek bat egin ez badute ere, grebara irtetea sustengatu dute Laser Goikeneko langileek. Egoera berriz gertatzerik ez dutela onartuko ohartarazi dute.