Entseguetarako laborategi berritzailea zabaldu du Goierri Eskolak
Saiakuntza Ez Suntsitzailera bideratutako erreferentziako Lanbide Heziketa zentroa da Goierri Eskola. Urtean 200 pertsona inguru trebatuko ditu.
Etorkizuneko erronkei erantzuteko helburuarekin, Goierri Eskolak, Saiakuntza Ez Suntsikorren (SES) laborategia jarri du martxan. Laborategi hau, piezen eta materialen ezaugarriak egiaztatzeko egiten diren entseguen gune berria izango da. Horrelako formakuntza ematen Espainiako Estatu mailan dagoen lanbide heziketako zentro bakarra izango da Goierri Eskola, eta CERTIAEND ziurtapen erakundeak onartuta dago. Goierri NDT Lab gune berria martxan jarrita, urtean 200 pertsona inguruk jasoko dute formakuntza, SES-en arloan eskualdeko premiei erantzungo dieten profesionalak trebatuz.
Laborategiaren aurkezpenean, atzo, Jorge Manzisidor Goierri Eskolako zuzendariak adierazi zuen Goierri Eskolaren helburua dela, «hezkuntza integral bat eskaintzen jarraitzea, eskaintza arruntean lantzen diren konpetentziez harago ikasleen zeharkako konpetentziak eta gaitasunak ere garatuz». Baina ez hori bakarrik; «gizartean duen eragina areagotzeko ere lanean» dihardutela ere gehitu zuen Manzisidorrek.
Bide horretan, «eraldaketa digitalari erantzuten dion online formakuntza, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean master berria eskaintzea, proiektu berritzaileetan parte hartzen jarraitzea, Ikaslan Fundazioarekin batera ikasketa duala indartu eta langile kualifikatuak eta esperientziadunak eskaintzea inguruko enpresei, eta ezagutza arlo estrategietan urratsak egiten jarraitzea».
Hain zuzen ere, lerro horiei erantzutera dator Goierri NDT Lab gunea. Mikel Iparragirre izango da gune berriaren koordinatzailea eta horrela azaldu du: «Saiakuntza Ez Suntsikorren helburua da, fabrikazioan eta pertsonen segurtasuna bermatzeko eta batez ere, instalazioen eta pertsonen segurtasuna bermatzen dutela egiaztatzea».
Laborategi berriarekin, Goierri Eskolaren 20 urteko ibilbidea «indartzen» dela eta orain arteko zerbitzua «hobetzen» dela ez du zalantzarik Iparragirrek.
Etorkizuneko erronka
Goierri Eskola, garapen iraunkorra ardatz, etorkizunera begira dago, baita Saiakuntza Ez Suntsitzailearen alorrean ere, eta hurrengo urteetarako hainbat erronka berri ditu zehaztuta: CERTIAEND erakundearekin lankidetzan formakuntza programa berriak abiaraztea, SES teknika eta metodo berriak txertatzea eta SES ezagutzak unibertsitate masterrekin lerrokatzea, besteak beste.
Eta hain zuzen ere, SES-ek gaur-gaurkoz duten garrantzian azpimarra egin zuen Ignacio Gonzalez CERTIAEND-eko zuzendariak: «Industriaren alorrean, osagaien kalitatea erabat lotuta dago osagaien segurtasunarekin, eta beraz, fabrikazio prozesuan edo zerbitzuan egon daitezkeen akatsak antzemateko saiakuntza ez suntsitzaileak egitea funtsezkoa da azpiegituren, garraioaren eta industria instalazioen segurtasunerako». Horregatik, SES-etako teknikarien gaitasuna ziurtatuko duen ziurtagiri bat «ezinbestekoa» dela deritzo.
Goierri Eskolaren lana ere goraipatu du Gonzalezek: «Formakuntza eskolen lana funtsezkoa da teknikari horiek denek saiakuntza metodoak aplikatzeko beharrezkoak diren ezagutzak eskura ditzaten».
Elkarlana oinarri
Laborategi berria bertatik bertara ezagutu aurretik, proiektua lagundu duen Kutxa Fundazioaren ordezkaritzan, Garbiñe Etxezarretak hartu du hitza: «Laborategi honi esker kalitatezko laneratzeak lortuko dira, pertsona ororentzat aukera berdintasuna bultzatuz eta erreferente izateko aukerarekin».
Bide berri honetan, «onena» opa dio Goierri Eskolari. Helburuak konpartitzen dituzten bi erakundeen elkarlanetik bultzatu den proiektua izan dela nabarmendu du: «Gipuzkoa bidezkoago, jasangarriago, kultuago eta sortzaileago bat bultzatzea eta babestea, pentsamendu kritikoaren eta konpromiso kolektiboaren sustapenean oinarrituta».