Beti Alai pilotalekua berritzeko lanak hasi dira
Jon Ander Caballero kirol zinegotziak azaldu duenez, "aspalditik datorren eskaera bati erantzunez, pilotalekua goitik behera berrituko" dute. Argiteria berritu ostean, orain pilotalekuko zorua eta frontisa berritu, eta margoketa lanak egingo dituzte.
Ordiziako Beti Alai pilotalekuan berrikuntza lanak hasi zituzten atzo. Orain aste gutxi, argiteria aldatu zuten LED sistemara jauzi eginez, eta bigarren fase honetan, pilotalekuko zorua eta frontisa berrituko dute, eta azkenik, margoketa lanak egingo dituzte. Jon Ander Caballero Ordiziako Udaleko kirol zinegotziak esan duen moduan, pilotalekua “goitik behera” berrituko dute, “aspalditik datorren eskaerari erantzunez”.
31.882,2 euroko inbertsioa suposatuko du Beti Alai eraberritzeko bigarren faseak. Frontoiko zorua berritzeko lanak, Asfaltos Uribe enpresari esleitu zaizkio, 16.279,20 euroan, eta bi asteko iraupena izango duela aurrikusi dute.
Frontiseko lanak berriz, LEyNA enpresak egingo ditu. Oso lan espezifikoa denez egin beharrekoa, lan horietan espezialista den enpresa honek burutuko du, 4.830 euroan.
Eta margoketa lanak, Pinturas Tinbaux enpresak egingo ditu. Frontisa, ezker pareta eta kontrakantxa margotuko dituzte, 10.772 euroan.
Caballerok gogorarazi du lanak iraun bitartean pilotalekua ez dela erabilgarri egongo.