Biriketako tuberkulosiarekin ospitalean dago Mikel Otegi euskal preso itsasondoarra
Lehendik ere larri gaixo zegoen Otegi eta aske uzteko eskatu du Etxerat-ek.
Mikel Otegi euskal preso itsasondoarrak biriketako tuberkulosia duela jakinarazi du Etxeratek, eta aske uzteko eskatu du. Antza denez, joan den astean urgentziaz ospitaleratu zuten Iruñean. Ospitalean, COVID-19aren proban positibo eman eta koronabirusagatik gaixo daudenen solairuan ingresatu zuten. Gaitza gaindituta, beste solairu batera eraman zuten, eta han dago oraindik ere. Ospitalean egin dizkioten proben arabera, biriketako tuberkulosia du Otegik.
Dena den, lehendik ere larri gaixo dauden hemeretzi euskal presoen zerrendan dago itsasondoarra. “Sindrome koronario akutu bat izan zuen, eta belauneko osteoartritisa du, endekapenezko jatorri izan dezakeena”.
Otegiren osasun egoeraren aurrean, Etxeratek aske uzteko eskaera egin du, herritarren osasuna bermatzeko eskubidea jasotzen duen Espainiako Konstituzioaren 43.1 artikuluan oinarrituta, eta arrazoi horregatik, presoei zigorra etetea Espainiako Zigor Kodeak 80. eta 92. artikuluetan jasotzen duen neurri bat dela. Horrez gain, Etxeratek nabarmendu du azken urteotan nazioarteko hainbat erakundek ere eskatu dutela larri gaixo dauden presoak aske uztea, “OMEk eta Europako Kontseiluak kasu”.