Loinatz jaietarako kartel lehiaketa zabalik dago, egingo direlakoan
'2022ko Loinatz Jaiak. Maiatzaren 27tik ekainaren 5era' izan beharko dute kartelek. Hortik aurrera, bakoitzaren sormena. 780 euroko sariak daude
Loinatz jaietarako kartel lehiaketa abian da, egin ahalko diren itxaropenarekin. Proposamenak apirilaren 1a baino lehen aurkeztu behar dira, IGunean edo kultura@beasain.eus helbidean. Hiru baldintza bete behar dituzte: 2022ko Loinatz Jaiak. Maiatzaren 27tik ekainaren 5era esaldia bereizi behar da; lanak inoiz argitaratu gabeak izan behar dute; eta ezingo dute aldarrikapen politikorik edo sexistarik izan, ezta estereotipo sexistekin ala alkoholaren edo drogen kontsumoarekin zerikusirik duen mezurik, irudirik edo bestelako elementurik.
Hortik aurrera, bakoitzaren sormena. Epaimahaiak Loinatz jaiekin eta Beasainekin duen lotura, originaltasuna, erabilitako teknikak… baloratuko ditu.
7 urtetik gorakoentzat
Lehiaketa bi mailatan bereizi dute. Alde batetik, zazpi eta hamabost urte bitarteko gazteak eta bestetik, hamabost urtetik gorakoak. Gazteenen artean garaileak 180 euroko saria jasoko du eta helduen artekoak, 600 eurokoa.