Maisu zaharren jarraitzaile berriak
Ataungo Jentilen Baratza ipuin lehiaketan 259 lan jaso dituzte. LHkoak herriko eskolakoek idatzi dituzte, eta DBHkoak Goierriko ikastetxe batzuen lankidetzarekin. Sariak banatu dituzte.
Beste era batera, baina Joxe Arratibelen, Juan Arin Dorrontsororen, Joxemartin Apalategiren edo Joxe Migel Barandiranen lanak badu jarraipenik. Ataungo Jentilbaratza kultur elkarteak zazpi urte darama ipuin lehiaketa antolatzen, beti ere euskal mitologia oinarri hartuta. Kondaira eta istorio berriak sortzeko errota da, eta aurten ere eho du alea.
Jentilen Baratza 7. Ipuin Lehiaketako sariak ostiral arratsaldean banatu zituen elkarteak, Barandiaran Museoan. Bi sailetan bereizi dute: Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako sariketa batetik, Ataungo herri eskolako ikasleentzat; eta, Goierri osora zabalduta, DBHn dabiltzan neska-mutilentzat bestetik.
Erantzuna ere ez da makala izan. Guztira 259 idazlan jaso dituzte. Ataungo eskolakoek 101 ipuin idatzi dituzte, eta Goierriko DBHko eskola batzuetatik 158 bidali dizkiete.
Ikastetxen lankidetza
Haur eta gaztetxoen beste literatura lehiaketa batzuetan bezala, Ataungoan ere ezinbestekoa da ikastetxeen partaidetza. «Goierri bailarako ikastetxeen laguntza eskertzekoa da. Eskerrak, batez ere Beasaingo Loinazpe ikastetxeari, San Benito Ikastolari eta Ataungo Joxemiel Barandiaran eskolari, hala nola irakasleei, gazteen parte-hartzea ahalbidetzeko ahalegin handia eta laguntza egokia eman baitigute».
Ipuin asko, eta horietako ugari oso kalitate onekoak direla ziurtatu dute. «Epaileen lana ez da erraza izan». Saritu helduek dirua, eta LHkoek Ataungo dendetan eta Gerrikon gastatzeko bonuak jaso dituzte opari.













