Obispo kargua, mando gainean
Jose Ignazio Munillak mando zuri batean gainean desfilatuta hartu du Orihuela-Alacanteko gotzain kargua.
Hainbat urtez Zumarragako apaiz izandako Juan Ignazio Munillak Orihuela-Alacanteko gotzain kargua hartu du, asteburuan zehar egindako ekitaldietan. Eta ez nolanahi gainera. Diozesi horretako tradizioak markatzen duen eran, mando zuri baten gainean desfilatu du, erlijio kristauaren arabera, Jesus Jerusalemera iritsi ziren moduan. XVI. mendetik datorren tradizioa da gotzaina mando zurian etortzearena. Estatu espainiarreko diozesi guztietan egiten omen zen lehen, nahiz eta egun, Orihuelakoa den ohitura hori mantentzen duen bakarretako bat.
Tokiko egunkarien kronikek jasotzen dutenez, jende ugari bildu zen larunbatean Orihuelan, gotzain berriari harrera egiteko. Espainiako beste diozesi batzuetako gotzainek eta musika bandak lagundu zuten desfilean, eta kanpai hotsak eta petardo trakenak ere entzun ahal izan ziren. Erdi Aroko harresiko ateraino egin zuen ibilbidea Bartola izeneko mandoaren gainean. Han udal ordezkariek egin zioten harrera, eta ondoren oinez jarraitu zuten denek, katedraleraino. Bertan hartu zuen Munillak gotzain kargua, ofizialki.
Arratsaldean egindako eukaristian, Munillak azaldu zuen eliza “elkarrizketarako lekua eta topagunea” dela eta “denek lekua” dutela bertan. Interneti eta sare sozialei erreferentzia eginez, “kultura krispatua” bizi dugula dio, eta “ezberdin pentsatzen duena isilarazi” egiten dela. “Ukazioaren kultura” hori gainditu behar dela defendatu zuen. Igandean berriz, Alacanten egin zioten harrera, eta ondoren, San Nikolas konkatedralean egin zuten meza.
Orhiuela-Alacanteko gotzaintza hartu aurretik, Gipuzkoako Gotzain izan zen Munilla. Bere iritziek eta pentsamoldeek, ordea, kontrako jarrera ugari piztu zituzten, bai eliza barruan eta baita gizartean ere. Abenduan jakin zen Donostiako kargua utzi eta Alacantekoa hartuko zuela.