Powerlifting: Goierri kirol elkarteko indartsuak
Aldiri kiroldegian elkartzen diren lau gaztek Goierri kirol elkartearen powerlifting saila eratu dute. Halterofiliaren antzerako kirol bat da eta asteburu honetan Espainiako txapelketan parte hartuko dute.
Goierri kirol elkarteak hamaika kiroli eman die babesa bere historian zehar: mendia, txirrindularitza, saskibaloia, areto futbola, boleibola, xakea… Iaztik, Urretxuko kiroldegiko gimnasioan powerlifting-a egiten duten kirolariek ere Goierriren babesa dute.
Powerlifting-a indarreko kirol bat da. «Halterofiliaren antzekoa da. Halterofilian bi ariketa egiten dira eta honetan, berriz, hiru egiten dira. Txapelketetan hiruen batuketa egiten da eta kilo gehien altxatzen duenak irabazten du. Halterofilian esplosibitateak garrantzia handiagoa du. Powerlifting-ean, berriz, indarrak», azaldu du Joseba Alvarez Goierri kirol elkartearen powerlifting saileko kideak.
Alvarez pilotaria izan zen. «Pilotan jokatzen nuen garaian hasi nintzen gimnasiora joaten. Gustatu egin zitzaidan. Mundu horretan sartzen hasi nintzen eta Youtube-ren bidez ariketa ezberdinak ezagutu nituen. Pilota 20 bat urterekin utzi nuen, nazkatuta. Izan ere, umetatik eskuko minarekin aritu naiz», aipatu du.
Powerlifting-aren aldeko hautua egin zuen eta urte pare bat zeramatzan lehiaketetan parte hartu nahirik. Lehiaketetan parte hartzeko klub baten babesa behar dute eta Goierriren laguntzari esker lehiatzeko aukera dute. «Duela hilabete joan ginen lehenengoz lehiaketa batera. Sentadillan 235 kilo altxatu nituen, press de bancan 137,5 eta pisu hilean 240. Guztira 612,5 kilo».
Kirol arrakastatsua
Kirol honek gazteen artean geroz eta arrakasta gehiago duela dio. «Urretxun geroz eta gehiago gara kirol hau egiten dugunak, baina txapelketatara lau joaten gara. Dena den, geroz eta gehiago izango gara. Gimnasioan gazte gehienek egiten dute powerlifting-a. Urretxun giro polita sortu da kirol honen inguruan. Hemendik kanpo ere boom-a izaten ari da. Gehienak mutilak gara, baina neskek ere egiten dute».
Goierri elkartean, Alvarezekin batera, Xabi Piriz, Julen Juzdado eta Markel Perez aritzen dira. Alvarez, Perez eta Piriz 83 kilo artekoen mailan lehiatzen dira eta Juzdado 120 artekoen mailan. Perez eta Juzdado junior mailakoak dira. «Ez ditugu lehiaketa asko, lehiaketa bat prestatzeko 12-16 aste behar baitira. Urtean bizpahiru txapelketa egiten ditugu. Lehenengoa abenduan egin genuen. Hilaren 18tik 20ra, Avilan, Espainiako bigarren mailako txapelketan parte hartuko dugu eta behar den marka egiten badugu, lehen mailako txapelketan parte hartzeko eskubidea irabaziko dugu. Dena den, lehen mailako txapelketa apirilean da eta ez dugu prestatzeko nahikoa denbora. Espainiako Kopa, berriz, azaroan da. Horra joateko ez dugu arazorik izango».
Prestatzaileen laguntzarekin entrenatzen dute. «Prestaketak hiru etapa ditu: oinarria lortzea, gorputza asko lan egitera ohitzea eta ahalik eta sasoirik onena lortzea. Gutako bakoitzak entrenatzaile bat du. Lau entrenatzaileak kanpokoak dira eta Whatsapp bidez komunikatzen gara beraiekin. Nire prestatzailea Sevillakoa da. Astean lauzpabost saio egiten ditugu».