Salbatoreko arkua martxan da berriro
Atzo goizean ezezagunek kableak moztu zituzten baliogabe utzi zuten
A-636 errepideko Salbatoreko arkua berriz ere martxan da. Atzo goizean ezezagunek hainbat kable moztu zituzten eta ordu luzez ez zen erabilgarri egon. Arkuak Beasain eta Ormaiztegi arteko zatiaren kanona kobratzen du: ibilgailu arinen kasuan, 0,38 euro; lehen mailako ibilgailu astunentzat, 0,61 euro; eta bigarren mailako ibilgailu astunentzat, 0,78.
Administrazioa sabotajearen eragina txikitzen saiatu zen lehen unean. Ertzaintzak arkua etengabe martxan egon zela esan zuen, esaterako. Gipuzkoako Foru Aldundiak, baina, onartu egin zuen sabotajea pairatu zutela geroago, xehetasun gehiagorik eman gabe. Ahalik eta azkarren konponduko zutela zin egin zuten. Arratsalderako beharginak bertan ziren. Gaur goizean arkua kobratzen ari zen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak A-636 errepideko bidesaria free flow edo etengabeko jarioa deritzoten arkuekin kobratzen du. Hau da, teleordainketa-sistemaren baten bidez ordaindu behar da derrigor, gelditu gabe. Ondorioz, ez dago langilerik bertan. Sistema kable baten menpe dago, funtsean.
Haserrea
Errepidearen erabiltzaileen eta inguruko herritarren artean bidesariak arrangurak eragin ditu. Hainbat protesta-ekintza egin dira kanona ezarri aurretik eta ondoren: elkarretaratzeak, firma-bilketak, karabanak… Asteburuan, adibidez, ehunka herritarrek manifestazioa egin zuten Zumarragako eta Urretxuko kaleetan, A-636 errepideko bidesarien aurkako plataformak eta garraiolarien Hiru sindikatuak deituta. Igande honetan, berriz, Beasainen egingo dute manifestazioa, Goierriko eta Debagoienako Kontseilu Sozialistek antolatuta. 18:00etan abiatuko dira Bideluze plazatik.