Emakumetasunari tiraka, erdiraino
Martxoaren 8a gerturatu ahala, emakume taldeak eta mugimendu feminista hasi dira girotzen. Ataunen noka hizketa-moldeari buruz saioa eta Zaldibian amatasunaz solasaldia dauzkate.
Hiru aste falta dira Martxoaren 8ko Emakumeen Egunerako. Baina, horren aitzakian edo ez, emakumeengan zentratutako ekitaldiak hasi dira eskualdean ernetzen. Horietatik bi asteburuan egingo dituzte, bat Ataunen eta bestea Zaldibian. Hori bai; bi ekitaldietan subjektua emakumea izan arren, ez dute mugarik ipini.
Ataunen noka tailerra antolatu du Biboletak talde feministak. Emakumeei zuzentzerakoan egiten den hikako forma da noka, 50 urtetik beherako belaunaldietan jada isilduxea, eta gazteetan ia desagerturiko hitanoa.
Beste herri batzuetan bezala, hizketa-molde horri eusteko, ikasteko edo, gutxienez, ezagutzeko lagun arteko juntadizoa egingo dute, larunbatean 11:00etan, Urbieta tabernan elkartuta, San Martin auzoan.
Tertulia eginez eta zerbait hartu bitartean, eta joko batzuk baliatuz, emakumeei hika nola egin behar zaien landuko dute.
Balio bikoitza dauka ekimenak, lingustikiko ere Ataungo euskarak aditz forma bereziak eta bakarrak dauzkalako. Hitanoan ere badira printza batzuk: natxook /natxoon (nagok / nagon), gatxerek / gatxeren (gaudek / gauden), natxek / natxen (noak / noan), goatzak / goatzan (inpertsonala goaatza)… Ataungo udal webgunean (ataun.eus) dago lagin bat ikusgai, Euskararen atalean.
Zaldibian, amatasunaz
Zaldibian, berriz, Aske talde feministak amatasunari buruzko solasaldia antolatu du. Igandean, 17:30ean, Zubi-Buru elkartean egingo dute kafe-tertulia. «Hainbeste tabu. Esan ezin eta sentipen. Guretik ere, aske hitz egiten saiatu nahiko genuke», aurreratu du Aske taldeak.