Euskalgintzak eta abertzaletasunak Goierriko bultzagile bat galdu dute
Karmele Aierbe hil da, 70 urterekin, minbiziarekin gaixorik. Euskararen eta Euskal Herriaren alde egin zuen lana gogoratu dute askok. Azken agurra gaur egingo diote Aimar Maiz
Euskara eta Euskal Herria. Bi kontzeptu horiek ekarri ditu jendeak gehien Karmele Aierbe Muxika (Ataun, 1951-2022) gogoratzerakoan. Atzo hil zen, 70 urterekin, minbiziari kontra eginez urte batzuk nozitu ondoren. Asko nozitutakoa izan zen bere ibilbide politikoan, izan ere. Baina ez ezeren kontra aritzeagatik, euskararen eta Euskal Herriaren alde jarduteagatik baizik.
San Gregorio auzoko Lauztiturrieta baserrian jaioa, 20 bat urterekin hasi zuen bizitza osoan ogibide izango zuen lana: irakasle, auzoko ikastolan, 20 bat umerekin. 11 urtean lan egin zuen han, eta Segurako herri eskolan jarraitu zuen gero, jubilatu arte.
Herrigintzarekin eta aberrigintzarekin konprometitua, borrokari eta ondorioei muzinik ez zien egin. 1974tik 2007ra, zazpi aldiz atxilotu zuten. «Hiru aldiz egon naiz kartzelan, tortura larriak jasan izan ditut, bortxaketak… Gatazkaren ondorioak nire larruan bizi izan ditut, baina hori bizi izan dut bokazio handia dudalako herri hau aske ikusteko», kontatu zion Karmele Aierbek Berria-ri, 2016ko abuztuan.
Euskalgintzatik politikara
Euskaltzalea oso, euskarari prestigioa eta indarra emateko ekinbidea betidanik izan zuen, nola hezkuntzatik, hala 1988an EHE Euskal Herrian Euskaraz elkargoko gidaritza hartuta. 19991n Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortzea izan zen sareak jostearen emaitza.
1998an HBren Mahai Nazionalean sartu zen, eta gero Batasunarenean. 2007an Seguran atxilotu zuten, azken aldiz, eta auzipetu ere bai. 2010ean, Igartzako Adierazpenaren sinatzaileetakoa izan zen, Beasainen, Gure Esku Dagoren ekimenean.
Azken txanpan, Ataungo zinegotzi izan zen (2015-2019), Kultura arloan batik bat. 2019an ezker abertzaleak omenaldia egin zion Ataunen, jada gaixorik zela, eta 2021ean Uemak. Azken agurra gaur 18:30ean egingo diote, San Gregorioko frontoian.