Foru Aldundiko ordezkariek dendarien iritziak jaso dituzte
Markel Olano diputatu nagusiak ordutegi konpaktuarekin lanean dabiltzan hainbat denda bisitatu ditu. Maite Peñak, Miren Elgarrestak eta Leire Artolak ere entzun dituzte dendariak
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek ordutegi konpaktua duten dendari batzuen iritziak jaso dituzte gaur goizean. Abio bidaiak, Mirari mertzeria eta Ekilore belar dendan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatua, Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendaria eta Leire Artola Beasaingo alkatea. Dendariek aldaketa “beharrezkoa” zela esan diete, bestela kontziliazioa “ezinezkoa” zitzaielako.
Aldaketa ez da behin betikoa. Otsailean zehar proba egingo dute. Diputatu nagusiak eraldaketarako gakoa esperimentazioa dela defendatu du eta Herrilab3B kontziliazio erantzunkideko laborategiaren alde egin du. Gero ondorioak aterako dituzte, ideia findu, hobetu eta beste herrietara ere zabaltzeko, hala badagokio. Olano baikor agertu da, halere. “Hedatzea merezi duen proiektu aitzindaria” dela azpimarratu du. “Gipuzkoa osorako eredu da Beasainen egiten ari zaretena. Herritar orok bere lana, aisialdia, etxekoak eta gure burua zaindu dezan nahi dugu”.
Beasaindarrak, aitzindari
Beasain Berditasunean Bizi lemapean Gipuzkoako Foru Aldundia, Beasaingo Udala eta herriko hainbat eragile Herrilab3B egitasmoa gauzatzen ari dira. Kontziliazio erantzunkidea lortzeko esperientziak probatzen dabiltza herrian. Elgarrestak Beasainen ezaugarriak “oso aproposak” direla zehaztu zuen egitasmoaren aurtengo erronkak aurkezterakoan.
Hiru bide jorratuko dituzte 2022an. Alde batetik, dendariak ordutegi konpaktatu dute: eguerdian geldialdi laburragoa egingo dute, lehenago ireki eta lehenago isteko; bestetik, Murumendik, Alkartasuna Lizeoak eta La Salleko hainbat mailek oharrak bidaltzerakoan aitak lehenetsiko dituzte, haurren zaintzan inplikazio handiagoa lortzeko; azkenik, Goiekirekin batera, hainbat enpresek opor-garaiak egokituko dituzte gurasoen eta seme-alabenek kointziditzeko.